Itxi

Estreinaldia

Eutanasiari buruzko 'La Buena Muerte' dokumentala, gaur gauean, 360º saioan

A.A. | EiTB

Leer en Castellano

Ikusgai dago dagoeneko EiTB Nahieran atarian gaixoen, senideen, politikarien eta medikuntzako profesionalen iritzia jasotzen duen ikus-entzunezkoa.

'La Buena Muerte' dokumentaleko irudia

Eutanasiari buruzko 'La Buena Muerte' dokumentala emango du igande honetan '360º' saioak, ETB2n eta eitb.eus-en. Egun batzuk aurretik, EiTB Nahieran atariak (egin klik esteka esteka horretan ikusteko) estreinatu du gaixoen, senideen, politikarien eta medikuntzako profesionalen iritzia jasotzen duen ikus-entzunezkoa.

Zein erantzun eman behar zaie, zaintza paliatibo onenak izanda ere, euren heriotza aurreratzeko eskaera egiten duten gaixoei eta ezinduei? Eutanasia eta medikuntzak lagundutako suizidioa duintasunez hiltzea al da? Nork erabaki behar du? Zer eta noraino erabaki daiteke?

Galdera horiei erantzuten saiatzen da 'La Buena Muerte' dokumentala, eta hainbat gaixo eta senideren testigantza jasotzen du: Lorente-Tellaetxe familiarena, Ana Moskera eta Juanjo Uria senar-emazteena eta Jacint Vila frantziskotar fraidearena, besteak beste. Sendatu ezin daitekeen gaixotasun latz bat bizi dute edo bizi izan dute guztiek, eta ondo pentsatu eta hausnartutako iritziak dituzte eurentzako nahi luketen heriotzaren inguruan.

Lorente-Tellaetxe familiak borroka luzea hasi zuen eutanasia legeztatu ahal izateko. Maribel Tellaetxe alzheimerrak gaixotu zuen, eta argi zeukan gaitzak bere gaitasunak deuseztatzen zituenean hil egin nahi zuela, gehiago itxaron gabe. Joaten laguntzeko eskatu zien senideei, baina haiek ezin izan zuten agindutakoa bete.

Ana Moskerak, berriz, ELA gaitza du. Hamahiru urte daramatza bizitzak oparitu dion une bakoitza azkena balitz bezala aprobetxatzen. Gaur egun "kalitate nahiko ona" duela uste du, eta bizitzen jarraitu nahi du, baina oso argi du muga non dagoen, eta, egun hori iristen denean, behar duena eskura izan nahiko luke.

Jacint Vila fraideak Anaren gaitz bera du, baina ezberdin ikusten du bere amaiera. Heriotza ahalik eta gehien atzeratu nahi du. Jainkoarengan sinesteak eta zaintza paliatiboek indarra eta zentzua ematen dizkiote bizitzaren azken atal honetan.

Ikus-entzunezkoak gai honekin lotura duten beste hainbat pertsonaren hitzak ere jasotzen ditu. Medikuntzako profesional askok deontologia-kodeari begiratzen diote eutanasiaz iritzia emateko, Eliza Katolikoak bere printzipio etikoetara jotzen du eta Zuzenbidean adituek gaur egungo legediari eta egin beharreko aldaketei erreparatzen diete.

Informazio gehiago (2)