Itxi

Castingak martxan

Donostian berriz egingo dute gaur 'El Conquistador 16' saioko aurrez aurreko castinga

EiTB

Leer en Castellano

Pasa den astean hurbildu zen jende kopuru handiaren aurrean, probak egun bat gehiago luzatzea erabaki dute. Bestalde, castinga online egiteko aukera ere bada webgunean.

'EL Conquistador 16' castingak Bilbon. Irudia: EiTB

'El Conquistador del Fin del Mundo' realityaren hurrengo edizioan parte hartzeko castingak jendetsuak ari dira izaten. Lau egunetan, 900 bat lagunek parte hartu dute Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon egindako probetan. Arduradunen esanetan, mila laguneko langa erraz gaindituko dute. Hala, aurreko egunetan bildu den jendetza ikusita, gaur, uztailak 8,  Donostiako Silken Amara hotelean egingo dituzte, castinga egin ezin izan duten hautagaiei beste aukera bat emateko.

Aurrez aurreko probetara joaterik ez dutenek castinga online egiteko aukera ere izango dute. Horretarako, bideo bat bidali beharko dute eitb.eus-eko 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren webgunearen bidez.

Belaunaldi aldaketa

Arduradunen esanetan, aurtengo hautagaiak aurreko urtekoak baino gazteagoak dira, 18-25 urtekoak, hain zuzen ere. Belaunaldi aldaketa bat egon da, eta asko dira saioan parte hartu nahi duten gaztetxoak. Aurreko edizioko Caballo edo Ianire lehiakideen pausoei jarraitu nahi diete, eta haiek izandako jokaera goraipatzen dute. Dirudienez, 'El Conquis'en harrobia badago; izan ere, hautagai gehienak umetatik programaren jarraitzaileak dira, eta lehiaketan parte hartzeko irrikaz daude.

Aurreko urteetan bezala, mutilen kopurua neskena baino altuagoa da: hautagaien % 25 emakumezkoak dira eta % 75 gizonezkoak. Hala ere, emakumeen artean maila altua dago, eta Donostian, batez ere, emakumeen kopurua nabarmena izan da.

Aurten, gainera, argi geratu da saioak muga geografikoak gainditzen dituela; izan ere, munduko txoko guztietako bizilagunek hartu dute parte castingetan.

Hautagaiek argazkia atera eta inprimakiak bete ondoren, kamera aurreko aurkezpenari eta galderei egin behar diete aurre. Sekretua naturaltasunez jokatzea eta zintzotasunez erantzutea da, eta, antolatzaileen esanetan, aurkezpenean egin eta esango direnak prestatuta eramatea da onena. Bakoitzaren historia entzun nahi dute, eta hautagaiek gauzak argi dituztela erakustea.

Gaitasun fisikoak izatea abantaila dela dirudien arren, beste ezaugarri batzuk ere izan behar dituzte. Abenturako baldintza gogorrei aurre egiteko, indartsu egon behar da bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Aurreko edizioetan ikusi ahal izan dugun bezala, estrategia bat izateak lehiakide asko eraman ditu finalera.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)