22:15ean
'360º' saioak 'La cifra negra' erreportajea eskainiko du gaur gauean
EiTB
Giza eskubideen urraketen kasuak erakutsiko ditu Eider Hurtadok aurkezten duen saioak.
Estatu mailan izan diren giza eskubideen urraketen kasu esanguratsuenak gogoratuko ditu La cifra negra erreportajeak igandeko '360º' saioan. Oro har, atxilotuen eta zigortuen begiraleek egindako urraketak dira, eta jarduera hauek estatuko langile publikoen artean duten hedapena aztertuko du erreportajeak. Halaber, mota honetako delituek izan duten inpunitatea agerian utziko du. Zein baldintzatan egiten dira torturak Espainian? Zergatik da horren zaila torturak salatzea? Zein ondorio du torturak biktimengan? Eta legea urratu dutenengan?
Biktimek, abokatuek, epaileek, poliziek, giza eskubideen babesleek eta adituek oraindik ere giza eskubideak urratzen dituzten jarduerekin jarraitzeko arrazoiak aztertuko dituzte. Zuzenbide estatua kolokan jartzen duten jarduera hauekin amaitzeko eman beharreko pausoez ere arituko dira. Besteak beste, Manuela Carmena, Joaquim Bosch, Rafael Ribó, Martxelo Otamendi, Unai Romano eta Iñigo Cabacas gaztearen gurasoak izango dituzte mintzakide.
Horrez gain, Willy Toledo, Isak Férriz eta Gorka Lasaosa aktoreek judizialki onartu diren gertakarien antzezpena egingo dute, kontakizunari laguntzeko.
'360º' saioak La cifra negra erreportajea eskainiko du gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.