Baionako bestak
Baionako besten irekiera, gaur, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Ilaski Serranok aurkeztuko duen saio bereziak Baionako giroa zuzen-zuzenean jasoko du eta jaiei hasiera nola ematen dieten erakutsiko du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, uztailak 24, Baionako bestak abiatuko dituen ekitaldia zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Ilaski Serranok aurkeztuta, 21:30etik aurrera, Baionako giroa zuzen-zuzenean jasoko da saio berezian, eta jaiak nola abiatzen dituzten erakutsiko dute. Leon erregea, Baionako bestetako ikurra, herriko etxeko balkoira irtengo da, eta, ondoren, Baionako hiru auzoak ordezkatzen dituzten hiru giltza jaurtiko dira balkoitik. Horrela, bestak ofizialki abiatuko dituzte.
Ilaskirekin batera, Jaione Carpintero kazetaria egongo da plazan, eta giroa bertatik bertara jarraituko du. Jaione Baionako Zizpa gaztetxeak egiten duen beste irekiera ekitaldian ere egongo da, eta horien egitarauaren inguruan arituko da.
Besteak beste, Maialen Errotabehere kantaria eta Franck Dolosor kazetaria izango ditu Ilaskik bidelagun saio berezi honetan.
Musika emanaldiaren aurretik eta ondoren
Aurretik, giroa berotzeko, 21:00etan, Angeluko Quintaou antzokian izandako dantza eta kanta ikustaldia berreskuratuko du ETBk. Errepika eta Ibai Alde Angeluko abesbatzek eta Michel Etcheverry abeslariak euskal kanta ezagunak abestuko dituzte agertoki gainean, eta Angeluarrak dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du.
Baionako besten irekiera ekitaldiaren ondoren, 22:15ean, Almandozen grabatutako Kantu zaharrak Baztanen saioa eskainiko da. Hamabost herrik osatzen dute Baztango udalerria, eta horietako bat da Almandoz. Kantu tradizionalak izango dira entzungai saioan: 'Azken dantza', 'Zazpiak oihal batetik', 'Mendian gora haritza', 'Agur Xiberoa', 'Lili bat ikusiko dut', 'Eperra', 'Nafarroako jota', 'Baratze bat', 'Begiak farrez farre', 'Irrintzia', 'Arbola gainean', 'Furra furra', 'Memora', 'Prima Ederra', 'Oi Ama Euskal Herria', 'Itsasontzi baten'...