22:30ean, astelehenean
'El Sabor del Crimen' saioak 'Mikelen heriotza' filmaren arrastoari jarraituko dio
EiTB
Andrea Ropero kazetaria eta Xabier Gutiérrez sukaldaria Imanol Arias, Imanol Uribe eta Fernando Telletxea 'Fama'rekin egongo dira.
Andrea Ropero kazetariak eta Xabier Gutiérrez sukaldariak Mikelen heriotza filmaren arrastoari jarraituko diote gaur 'El Sabor del Crimen' saioan. 1984ko film entzutetsua oso garrantzitsua izan zen Imanol Arias aktore ezagunaren ibilbidean.
Besteak beste, homosexualitatea eta matriarkatua jorratzen ditu Lekeitioko portua eta Bilboko Palanka agertoki dituen filmak. 80ko hamarkadara garamatza, intolerantzia eta gatazka sozialak pertsonengan eragin handia zuten garaira.
Mikelen heriotza filmak Imanol Ariasen ibilbidean utzitakoaz galdetuko dio Andrea Roperok aktoreari. Orobat, Ariasek filmaketaren inguruko pasadizoak kontatuko ditu, eta filmean biluzteak sortutako polemika ekarriko du gogora.
Mikelen heriotza estreinatu zutenetik 35 urte igaro direnean, Andrea eta Xabier Imanol Uribe filmaren zuzendariarekin Lekeition barna ibiliko dira. Filmean parte hartu zuten hainbat lagunekin topo egin eta hunkitu egingo da Uribe. Tartean, pelikulan parte hartu zuen Benito Ansola Lekeitioko apaizarekin elkartuko da.
Horrez gain, Fernando Telletxea Fama-rekin bilduko da Andrea Bilboko Gorte kaleko Bataclan aretoan; izan ere, bertan eszena esanguratsu bat filmatu zuten. Imanol Ariasekin maitemindu zen transformistaren papera egin zuen Fama-k filmean, eta horrek hautsak harrotu zituen. Mikelen heriotza filmak aldaketa ekarri zion bere lan-ibilbideari.
Orduan polemikaz inguratuta zegoen homosexualitatearen gaia jorratzeko moduak arrastoa utzi zuen pertsona askoren bizitzan. Horietako bat dugu Iñigo Lamarca. Xabierrek filma inspirazio iturri izan duen plater bat prestatzera gonbidatuko du.
'El Sabor del Crimen' 22:30ean izango da ikusgai gaur, ETB2n eta eitb.eus-en.