Saria
'La Víctima Número 8' Prix Europa 2019 sarietara izendatu dute
EiTB
ETBk, Telemadridek eta Mediaprok ekoiztutako telesailak Bilbon gertatutako atentatu jihadista du abiapuntu, eta inguruan harrapatu dituen pertsonaia guztiei nola eragiten dien erakusten du.
Telebista, Irrati eta Hedabide Interaktiboen Jaialdi Europarrak 2019ko Prix Europa sarietara izendatu du Euskal Telebistak, Telemadridek eta Mediaprok ekoiztutako 'La Víctima Número 8' telesaila.
Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak emandako sari hauetan urtero telebista, irrati eta hedabide interaktiboetako ekoizpenik onenak biltzen dira. Aurten, sari banaketa urriaren 6tik 12ra bitartera egingo da Alemaniako Postdam hirian.
'La Víctima Número 8' telesailak Bilboko Alde Zaharrean gertatutako atentatu jihadista bat du abiapuntu, eta inguruan harrapatuko dituen pertsonaia guztiei nola eragiten dien erakusten du. Iazko FesTVal jaialdian estreinatu zen telesaila eta udazkenean eskaini zuen ETB2k.
Biktimak eta hiltzaileak, guztiak dira kutsu pertsonaleko istorio honetako protagonistak. Thriller baten moduan kontatuta dago, eta pertsonaia horiek ankerkeriaren ondorioak nola bizi dituzten erakusten digu. Poliziaren ikerketaren xedea hilketaren erantzuleak harrapatzea da. Giza ehiza horretan, pertsonaiak ezusteko gertakarien zurrunbilo zoro batean murgiltzen dira.
'Vis a Vis' eta 'La Casa de Papel' telesailetako sormen taldeak sortu, idatzi eta zuzendutako ekoizpena da. Marc Cistare da produktore eragilea, Alejandro Bazzano zuzendaria eta David Azcano argazki zuzendaria.
Aktore talde handi batek hartu du parte bertan, horien artean, Cesar Mateo, Maria de Nati, Veronika Moral, Marcial Alvarez, Farah Hamed, Lisi Linder, Oscar Zafra eta Iñaki Ardanaz dira protagonista nagusiak.