Estreinaldia
'A Bocados' saioak hirugarren denboraldiari ekin dio
EITB
Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte ETB2ko arratsaldeetara itzuli dira, zaporez, osasun aholkuz eta dibertsioz beteriko sukaldaritza tartea eskaintzeko asmoarekin.
Ander Gonzalez sukaldaria eta Gabriela Uriarte nutrizionista 'A Bocados' saioaren atal berriekin itzuli dira. Gasteizko FesTVal jaialdian sari berezia jaso ondoren, bi aurkezleek indarberrituta ekin diote hirugarren denboraldiari, arratsaldero, 20:15etik aurrera, ETB2n. Atal bakoitzean, errezeta ikusgarriak eta elikadura aholku onenak eskainiko dituzte.
'A Bocados'ek berrikuntzaz beterik hasiko du denboraldi berria. Alde batetik, ikus-entzuleek protagonismo handiagoa izango dute: saioan eskainiko diren errezeten osagaiak hautatzeko aukera izango dute, eta halaber, sukaldeko osagai ezezagunak identifikatzeko jokoetan eta kalean egingo diren desafio ezberdinetan parte hartuko dute.
Bestalde, herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko asmoz, haien zalantzak argitzen saiatuko dira Ander eta Gabriela adituen laguntzarekin. Erreduretan hortzetako pasta ematea ona ote den, izozgailutik ateratako arraina berriro izoztu ote daitekeen… Anderrek eta Gabrielak esaten duten bezala, gure gorputza gure tenplua da, eta tenplu hori zaintzeko eta sasoian egoteko aholkuak ere jasoko dituzte entrenatzaile pertsonal baten eskutik.
Euskal gizarteko aurpegi ezagunei ateak zabalduko dizkiete, gastronomiarekin lotutako euren leku kuttunak erakusteko. Ion Aramendi eta Adela Gonzalez telebista aurkezleak haien sukaldaritza sekretuak aitortuko dituzten lehen gonbidatuak izango dira. Bestalde, Ana Vegak, Biscayenne ezizenarekin ezaguna den kazetari eta gastronomia adituak, euskal sukaldaritzaren arrakastaren gakoak ekarriko dizkigu.
Halaber, aurreko denboraldietan bezala, Euskal Herrian barrena dauden nekazari, gozogile, abeltzain eta arrantzaleen historiak biltzen, eta han-hemenka dauden estilo ezberdinetako jatetxeen lana erakusten jarraituko dute. Aurten, txoko eta elkarte gastronomikoei arreta berezia eskainiko diete.
Amaitzeko, Anderrek eta Gabrielak etxeko txikienei zuzendutako saio bereziak prestatuko dituzte. Donostia Zinemaldiari buruzko tarteak eta garaian garaiko produktuei eskainitakoak ere ez dira faltako.
'A Bocados' astelehenetik ostiralera izango da ikusgai 20:15etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en.