Gaur
Barazartik barrena txangoa proposatuko du 'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioak
EiTB
Aurkezlea, besteak beste, Julian Ajuriaguerra Gorbeako artzainarekin bilduko da eta Otzarretako pagadira bisita egingo du.
'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioak Barazarrera, Gorbea eta Urkiolako Parke Naturalen artean kokatuta dagoen mendatearen ingurura bisita egitea proposatuko du gaur arratsaldean.
Julian Ajuriaguerra tenporen bidez eguraldiaren iragarpena egiten duen Gorbeako artzainak hartuko du Joseba Barazarren.
Halaber, sukaldariak Igor Intxaurragarekin Zeanuri eta Ubide arteko larreetatik paseoa egingo du. Horren ondotik, Otxandion Jon Estankonak duen Korostondo jatetxean izango da. Gustu guztientzako janari aproposa eskaintzen dute bertan.
Ibilaldian zehar, Gorbeako Parke Naturalean dagoen Otzarretako pagadian geldialditxoa egingo du Txomin Diaz Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen teknikariaren laguntzaz.
Zuhaitz Etxeak-ek basoan ostatu hartzeko duen eskaintzaren berri ere izango du Josebak. Etxoletan eta gurdietan lo egiteko aukera eskaintzen dute, hain zuzen ere. Maria Torres arduradunak emango dizkio xehetasunak.
'Escapadas con Joseba Arguiñano' larunbatetan (20:00etan) dugu ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.