20:00etan
Oiartzungo Gurutze auzoan izango da gaur 'Escapadas con Joseba Arguiñano'
EiTB
Manuel Arbide, Xabier Urdangarin, Leire Garaialde eta Olga Poseé izango ditu bidelagun.
Gaur, 'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioan, Oiartzungo Gurutze auzoa ezagutuko du Josebak. Hasteko, mahastietan lanean arituko da Manuel Arbide txakolin ekoizlearekin. Amaitzean, lurreko eta itsasoko produktuak nahasten dituen entsalada bikaina prestatuko du Josebak.
Ondoren, Malkorra jatetxera joango da, eta Xabier Urdangarinek zigala carpaccioa eta fruitu-gorriekin, tomatearekin eta melokotoiekin egindako tartarra prestatuko dizkio.
Hurrengo geldialdia Usategieta hotelean egingo du Josebak, XVII. mendeko baserri batean kokatutako hotel ederrean. Leire Garaialde jabeak hoteleko lorategiak, jatetxea eta gelak erakutsiko dizkio.
Olga Poseé Pasaiakoa da, baina 1985ean Momotegi baserria erosi zuen Gurutzen. Ordutik aurrera, bere bizitza guztiz aldatu zen. Hasieran, ahate eta antzarak hazi eta produktu ezberdinak ekoizten zituen, eta 2011tik aurrera bezeroei irekitako landetxe bihurtu zuen baserria.
'Escapadas con Joseba Arguiñano' gaur izango da ikusgai 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.