Itxi

ETB2n

Felipe VI. erregealdia aztergai, gaur gauean, '360º' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Felipe VI.aren bost urteko erregealdiari begira, botereari eusteko sostenguak, joera politikoa edo familiako gorabeherak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Felipe VI.a eta bere emaztea. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Felipe VI.ak Espainiako erregetza hartu zuenetik bost urte pasatu direnean, orain arteko ibilbidearen azterketa egingo du '360º' saioak gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Eider Hurtadok aurkeztu eta zuzentzen duen saioak Felipe VI, el último rey de España izeneko erreportajea prestatu du. 

Batetik, Felipe VI.aren alderdi pertsonala aztertuko dute Errege Etxeko arduradun izandako Javier Ayusorekin. Bestetik, Alberto Lardiés kazetari eta idazleak monarkiak alderdi politikoekin eta Espainiako goi-mailako enpresariekin duen harremanaz hitz egingo du. Berebat, Errege Etxeko egungo arduradunak, Jaime Alfonsinek, duen botereaz mintzatuko da. 

Bestalde, Erregeak politikagintzan eta Kataluniako aferan izan duen egitekoa aztertuko dute. Horretarako, Aitor Esteban EAJk Madrilgo Kongresuan duen bozeramailea, Oskar Matute EH Bilduko diputatua eta Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramailea elkarrizketatuko dituzte. 

Felipe VI.aren joera politikoan sakontzeko, hainbat kazetariren analisia bilduko dute; Francisco Marhuenda La Razón egunkariko zuzendariarena eta Ana Pardo de Vera Público egunkari digitaleko zuzendariarena, besteak beste. 

Azkenik, errege familiaren gorabeherak jorratuko dituzte Paloma Barrientos eta Jaime Peñafiel kazetariekin

'360º' saioa gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)