Itxi

20:00etan

'Escapadas con Joseba Arguiñano' Etxaurin izango da arratsaldean

EiTB

Leer en Castellano

Nafarroako udalerri honetako toki ezberdinak arakatuko ditu Josebak, betiere gastronomiarekin lotuta.

Joseba Arguiñano Etxaurin. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Joseba Arguiñanok Etxauri ezagutuko du gaur arratsaldean, Iruñetik 13 kilometrora dagoen Nafarroako udalerria. Bere anfitrioia Fermin Esparza izango da, eta elkarrekin, herria bisitatu eta arkume kuskusa prestatuko dute. Ferminek, gainera, Josebaren aitarekin, Karlos Arguiñanorekin, Gasteizen soldadutza egin zuela kontatuko dio.

Herriko orografia da Etxauriko ezaugarrietako bat. Sarbileko Brankako ehun metroko horma bertikalak ezin hobeak dira eskalada praktikatzeko, eta Joseba Guias-K2 enpresako Asier Oteizarekin joango da horma horietako bat igotzera.

Bestalde, Josebak Sarbil jatetxea ezagutuko du eta Ignacio Atxa jabearekin egongo da, barazki eta ahate konfitarekin egindako tinbala prestatzen.

Joseba, gainera, Maya Usobiagak zuzentzen duen Amalur Etxea landetxean egongo da. Mayak 0 Kilometroko produktuekin egiten dituen gosariak erakutsiko dizkio.

Bisitarekin amaitzeko, Otazu upategira joango da eta José Luis Ruiz enologoarekin egongoda. Elkarrekin, barrikan 12 hilabete daramatzan ardoa dastatuko dute.

'Escapadas con Joseba Arguiñano' gaur izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)