22:30ean
Okupazioa izango dute hizpide, gaur gauean, 'Qué Me Estás Contando'ren atal berezian
EiTB
Arantza Ruizen eskutik, Vitori de Castroren kasua izango dute hizpide saioan ohiko etxebizitzen okupazio kasuak aztertzeko, abokatu, epaile eta adituen laguntzarekin.
Gaur gauean, Euskal Telebistak 'Qué Me Estás Contando' saioaren atal berezia eskainiko du Arantza Ruizek aurkeztuta. Portugaleteko Vitori de Castroren kasua abiapuntu hartuta, ohiko etxebizitzen okupazio kasuak aztertuko dituzte bertan.
Platoan, Jose Carlos (Vitoriren iloba) izango dute, eta, gainera, Agurtzane Vitoriren auzokideak haren etxea berreskuratzeko auzo-mugimendua nola sortu zen azalduko du. Horrez gain, antzeko bi kasu bizi izan zituzten bi protagonista hartuko dituzte saioan: Marta Corral eta Maria Isabel.
Asteazkeneko 'QMEC' berezian, abokatu, epaile eta adituei ere galdetuko diete gaiaren inguruan. Besteak beste, Iñaki Irizar abokatu penalista, Olga Rodriguez abokatua eta Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoa izango dituzte saioan.
Bestalde, Leire Argandoña kazetariak hainbat testigantza jasoko ditu kalean, eta Odei Esnaola lankideak, Madrildik zuzenean, bertako mafiek okupatzen dituzten etxebizitzen inguruko erreportajea eskainiko digu.
'QMEC' berezia gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.