22:30ean
'Munilla, 10 años de controversia' erreportajea, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
EiTB
Donostiako elizbarrutiko apezpikuaren hamar urteko ibilbidea errepasatuko du saioak.
Benedikto XVI.ak duela hamar urte izendatu zuen José Ignacio Munilla Donostiako apezpiku, eta Euskal Telebistak hamar urteko ibilbide hori errepasatuko du gaur gauean, 22:30ean. Munilla: 10 años de controversia erreportajeak Donostiako elizbarrutiko apezpikuaren jarrera eztabaidatuenak errepasatuko ditu. Arantza Ruiz kazetariaren aurkezpen bat izango da erreportajearen sarrera.
Gipuzkoako eta Euskal Herriko komunitate katolikoaren sektore handi batek mesfidantzaz hartu zuen Munillaren izendapena, eta horren etorrera ez zen batere erraza izan. Hala ere, apezpikua katolizismoaren apostolu aktibo bezala agertu da era guztietako foro eta hedabideetan, baita sare sozialetan ere, eta bere ideiak irmo defendatu ditu, nahiz eta oso eztabaidagarriak izan. Erreportajeak hainbat gairen inguruan erakutsitako jarrera azalduko du, homosexualitatea, abortua, feminismoa, ETA, higiezinen espekulazioa, sexu-abusuak eta eutanasia hizpide.
Munillak ez du erreportajean parte hartu nahi izan, baina beste hauek jarri dira kamera aurrean hitz egiten: Vicente Garcia Corres, Txenti, komunikatzaile kristaua; Pedro Ontoso, kazetari eta erlijio gaietan aditua; Felix Placer, apaiz eta teologoa; José Félix Azurmendi, kazetaria; José Arregi, frantziskotar ohia; Lontxo Oiarzabal, Irurako parrokiako organo-jolea; Iñaki Ezquerra, idazlea; Alfonso Iglesias, fededuna eta parrokiako boluntarioa; Jaime, haurtzaroan elizgizon baten sexu-abusuak jasan zituen biktima; Sheila Borinaga (senarra eskatutako eutanasiarik gabe hil zen); José Arriba eta Luis Moreno, homosexualak eta Sergioren adopzio gurasoak; Aratz Estonba eta Haizea Solagurenbeaskoa, Gros auzoko Hondarpe elkarteko kideak; Jorge Mota, ETAk hildako biktimetako baten semea; Josebe Iturrioz, Itu, feminista transgeneroa eta Medeak elkarteko aktibista; Elvira Fernandez eta Miguel Ángel Maestre, Maternity proiektuko ordezkariak; María Martínez López, erizain ohi eta aktibista katolikoa; eta Teresa Maldonado, feminista eta Etika irakaslea.
Munilla, 10 años de controversia erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.