Itxi

Eguberriak 2019

Nafarroako Izaba herritik emango dio ongietorria ETBk 2020. urteari

EiTB

Leer en Castellano

Sara Gandarak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak zuzenean gidatuko dute abenduaren 31ko saio berezia ETB1en eta ETB2n.

'Kaixo 2019' saio bereziko irudia.

Nafarroako Izaba herritik egingo du aurten Euskal Telebistak Gabon Zaharreko kanpaien emankizuna. Sara Gandarak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak zuzenean gidatuko duten 'Kaixo 2020' saio berezia ETB1en eta ETB2n izango da ikusgai abenduaren 31n. 

Laugarren urtez, Euskal Telebistak zuzenean emango dio ongi etorria urte berriari Euskal Herriko herri batetik. 2016an Zumaiako San Telmo ermitatik aritu ziren Sara, Mikel eta Pagadi. 2017ko saio berezia Mundakako Santa Katalina baselizatik egin zuten eta iazkoa Arabar Errioxako Guardia herritik. 

Kostaldea eta mahastiak alde batera utzi, eta Euskal Herriko mendi garaienen magalean dagoen herrira joko dute oraingoan ETBko hiru aurkezleek, Erronkari ibarreko iparraldean kokatuta dagoen Izabara. Inguru hartan naturak eskaintzen duen paraje ikusgarriengatik ez ezik, zurezko eta harrizko etxeengatik eta harrizko kale estuengatik dugu ezagun Izaba. 

Aurreko urteetan bezala, zuzeneko emanaldiaren aurretik, Zuhaitz eta Pagadik gidatutako saio berezia eskainiko da ETB1en. 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan egin ohi duten modura, Izabako eta inguruko bitxikeriak ezagutuko dituzte bertako herritarrekin solasean arituz. 

'Kaixo 2019' saioa ETB1en eta ETB2n aldi berean eskaini zen, oro har %14,6ko audientzia zatia eta euskaldunen arteko %18,5eko kuota bereganatuz. Guardiatik egindako emankizunak 211.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Bideoak (1)