Itxi

22:15ean

Opus Dei erakundea aztergai, gaur gauean, '360º' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Mundu osoan 90.000 jarraitzaile dituen erlijio erakundearen funtzionamendua ikertuko dute Eider Hurtadok eta bere lan-taldeak.

Eider Hurtado. Argazkia: EiTB

Religión y poder: ¿Qué se esconde detrás del Opus Dei? izenburupean, José María Escrivá de Balaguer y Albás apaizak sortutako erlijio erakundearen inguruko erreportajea prestatu du ETB2ko '360º' saioak igande honetarako. Mundu osoan 90.000 jarraitzaile dituen erakunde itxi honen funtzionamendua ikertu dute Eider Hurtadok eta bere lan-taldeak. 

Eliza katolikoaren barruan dagoen eta botere estamentuetan ordezkaritza zabala duen erakundearen egitura ezagutzeko, Juan Carlos Mujika Opus Deiren Euskadiko eta Nafarroako Komunikazio arduraduna elkarrizketatu du Eider Hurtadok. 

Bestalde, Rafael Larreina Amaiurreko diputatu ohiarekin mintzatuko dira. Erakundeko kide da duela 40 urtetik. Horrez gain, beste numerario eta supernumerario batzuen lekukotasunak bilduko dituzte, baita gezur baten menpe bizi izan direla iritzita, erakundea utzi duten zenbait herritarrenak. 

Opus Deiren boterea ere aztertuko dute. Politika, ekonomia eta enpresa munduan postu inportanteak ditu erakundeko jendeak. Zer eta nola eragiten duten jakiteko Ángel Munarriz kazetariarengana eta Antonio Gómez Movellán Europa Laica erakundeko presidentearengana jo dute. 

Azkenik, Opus Deiko finantza kontuei erreparatuko diete. Kide, numerario, supernumerario eta lankideek ematen duten diruaz gain, herritar anonimoen dohaintzak daude. Erakundearen kontuak argiak ote diren eta kide izateari uztea erraza al den galdetuko dute. 

'360º' saioa igandetan izaten da ikusgai 22:15ean ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)