'Kaixo 2020'
Kanpaiak zuzenean eskainiko ditu ETBk, gaur, Nafarroako Izaba herritik
EiTB
Sara Gandarak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak zuzenean gidatuko dute abenduaren 31ko saio berezia ETB1en eta ETB2n.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroako Izaba herritik egingo du aurten Euskal Telebistak Gabon zaharreko kanpaien emankizuna. Sara Gandarak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak zuzenean gidatuko duten 'Kaixo 2020' saio berezia ETB1en eta ETB2n izango da ikusgai gaur gauean, 23:45etik aurrera.
Laugarren urtez, Euskal Telebistak zuzenean emango dio ongi etorria urte berriari Euskal Herriko herri batetik. 2016an Zumaiako San Telmo ermitatik aritu ziren Sara, Mikel eta Pagadi. 2017ko saio berezia Mundakako Santa Katalina baselizatik egin zuten, eta iazkoa, Arabar Errioxako Guardia herritik.
Kostaldea eta mahastiak alde batera utzi, eta Euskal Herriko mendi garaienen magalean dagoen herrira joko dute oraingoan ETBko hiru aurkezleek, Erronkari ibarreko iparraldean kokatutako Izabara. Inguru hartan naturak eskaintzen duen paraje ikusgarriengatik ez ezik, zurezko eta harrizko etxeengatik eta harrizko kale estuengatik dugu ezagun Izaba.
Gainera, Gabon zahar gauean ez da faltako sorpresa eta emanaldi berezirik, eta besteak beste, Jaione Olazabal jota abeslariak eta Quico Pugés Suares biolontxelistak ikuskizun berezia eskainiko dute.
Emanaldiaren aurretik, 'Onki xin Izabara' saioa ETB1en
Aurreko urteetan bezala, zuzeneko emanaldiaren aurretik, Zuhaitzek eta Pagadik Izabako eta inguruko bitxikeriak ezagutuko dituzte 'Onki xin Izabara' saio berezian.
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik argi dute Gabon zaharrean duten hitzordu garrantzitsua: kanpaiak Izabatik eskaintzea. Bidea ederki ezagutzen dute, herrian bertan izan zirelako duela bi urte. Hori dela eta, lasai egingo dute bidaia, baina zerbait faltako zaie urtea behar bezala amaitzeko.
Herria eta herritarrak aurretik ezagutu izana baliatuko dute horretarako. Aurretik ezagutzen zituzten etxeetako ateak joko dituzte, beraz, laguntza eske. Eta bide batez, berriro ere herriko kaleetan barrena ibiliko dira.
Hala, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik urtea ongi amatzeko izango dituzten komeriekin gozatuko dugu. Izabako herritarren laguntzarekin aldarte ederrean iritsiko dira Euskal Herri osoarentzat Gabon zahar gaueko kanpaiak zuzenean eskaintzeko unera.