Itxi

20:00etan

Gaztelugatxe eta inguruak ikusgai gaurko 'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Joseba Arguiñanok Gaztelugatxeko biotopo babestua eta inguruak bisitarientzat duen eskaintza zabala ezagutuko ditu.

Joseba Arguiñano Gaztelugatxen. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Gaur, abenduak 28, Joseba Arguiñanok Gaztelugatxe zonaldeko biotopo babestua bisitatuko du. Bizkaiko kostaldearen zati hori Bakio ingurutik Matxitxako lurmuturreraino doa, Bermeo inguruan. Josebaren anfitrioia Ekaitz Uriarte geologo gaztea izango da, Naturtek enpresaren bitartez zonalde honen balio geologikoa zabaltzen duena. Bizkaiko kostaldeko parajean murgilduko dira biak. Ekaitzek geologo lanak egiteko maletan daramatzan lanabes guztiak erakutsiko dizkio sukaldariari. Arguiñanok, berriz, mokadu batzuk inprobisatuko ditu, Gaztelugatxeko Doniene baselizarekin eta uhartetxoarekin lotutako hainbat istorio entzuten dituen bitartean.

Osteratxoarekin jarraituz, Eneperi jatetxea bisitatu beharko du Josebak nahitaez. Bertan ondo baino hobeto jan daiteke hiru modu ezberdinetan, jatetxea, garagardotegia eta taberna baita, aukera bakoitza bere gastronomiarekin. Joseba Arguiñano bertako sukaldean sartuko da eta Ruben Coca sukaldari nagusiarekin topo egingo du. Honek izen luze bezain zaporetsua duen platerra prestatuko dio: onddoetan bildutako zigala buztanak barazkien gainean, salteatutako pasta freskoarekin. Ondoren jatetxeko jangelan bazkalduko dute, oraindik ere egurrezko jatorrizko sabaia gordetzen duena; baserri zahar baten ukuilua zenekoa, hain zuzen.

Inguruetako ostatu-eskaintzetako bat Ureta Landa da, eta bertako arduraduna Lorea Bilbao da. Bera izango da aurkezleari bertako gela guztiak erakutsiko dizkiona, hainbat apartamentu eta leku komun barne; txoko ikusgarri batean, Loreak kafea pastekin prestatuko du. Bertan, lekuaren historiaz eta haren filosofiaz hitz egingo dute.

Oso interesgarria den beste esperientzia bat Matxitxako lurmuturretik fauna eta itsas hegaztiak ikustea da. Eta itsasargiaren barruan dagoen behatoki bat da jarduera hori egiteko lekurik onena. Jon Hidalgok azalduko dio Josebari zer animalia mota ikusi diren, izurdeetatik hasi eta baleetaraino. Eta hegaztiei dagokienez, 40 espezie desberdin ikus daitezke. Jon biodibertsitatea eta natura-ingurunearen kudeaketa ardatz dituen Lurgaia Fundazioko kidea da, eta aurrez hitzartutako bisita gidatuak egin ohi ditu natura maite duten guztientzat.

'Escapadas con Joseba Argiñano' gaur izango da ikusgai 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)