22:30ean
"Atentado Bar Aldana 1980, 40 años de silencio", gaur gauean, ETB2n
EiTB
Euskal Telebistak berriz ere bilduko ditu Alonsotegiko Aldana tabernako atentatuaren biktimen senide eta lagunak. Ondoren, "Bar Aldana, explosión de silencio" dokumentala izango da ikusgai.
Alonsotegiko Aldana tabernako atentatuaren 40. urteurrenean, Bizkaiko herri honetan gertatutakoa gogoratuko du Euskal Telebistak. Ondoren, duela bost urte ikusgai izan zen Aldana 1980. Isiltasun eztanda dokumentala eskainiko du berriz ere. Berrogei urte geroago, atentatuaren egiletzak dokumentalaren tituluak aipatzen duen isiltasun horren atzean, ezkutuan, jarraitzen duela dirudi.
Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak atentatuaren gaineko "azalpen argi eta sendoa" eskatu berri du, eta horren harira, Euskal Telebistak ikerketaren gaur egungo egoera aztertu nahi izan du. Horretarako, kasua ikertu duten kazetariekin eta biktimen senide eta lagunekin bilduko da, ikerketan berrikuntzarik egon ote den eta aurrerantzean emango diren pausuen inguruan hitz egiteko.
Solasaldiaren ondoren, ETB2k Bar Aldana, explosión de silencio dokumentala eskainiko du, eta ikus-entzunezkoa euskaraz ikusteko aukera ere egongo da, astelehenean, Handia pelikularen emanaldiaren ondoren, ETB1en.
Aldana 1980. Isiltasun eztanda
1980an Enkarterriak astindu zituen atentatuaren inguruko dokumentala da Aldana 1980. Isiltasun eztanda. Berrogei urte geroago, eta nahiz eta biktimen senideek eta lagunek gertatutakoa ikertu eta argitzeko hamaika ekimen antolatu dituzten, oraindik atentatuen egiletza ezezaguna da.
Egia topatzeko beharrizanaren ondorioz sortu zen ikus-entzunezkoa. Gertatutakoa azaldu eta errekonozimendua lortzeko beharrak bultzatu zituen biktima, senide eta auzokideak Xabier Lapitz kazetariarekin bildu eta kameren aurrean atentatua gogoratzera.
Momentu historiko garrantzitsu baten testuinguruan burutu zuten Aldana Tabernako atentatua, diktaduraren ondorengo lehen hauteskunde autonomikoak ospatu aurretik, hain zuzen ere. Momentuko asaldaketa politiko-sozialen indarkeriak arriskuan jarri zuen une historiko garrantzitsu hau. Terrorismoaren Biktimen fundazioaren datuen arabera, 1980a izan zen terrorismoaren biktima gehien izan zituen urtea.
Alonsotegiko atentatu izugarri honen inguruko ikerketa ofizialik ez zen egin. Atentatua gertatu eta hurrengo orduetan hartu ziren konpromiso eta egin ziren adierazpenak laster ahaztu ziren. 2015eko urtarrilean, Aitor Esteban EAJko diputatuak gobernuari atentatuaren inguruan galdetu zion Espainiako Kongresuan. Galderari erantzunez, Barne-Ministerioak gertatutakoaren daturik ez zuela onartu zuen apirilean.
Saioak Liborio Arana, Manuel Santacolo, Pacificio Fika eta Mari Paz Ariño biktimen eta Garbiñe Zarate tabernaren jabearen senideen testigantzak bilduko ditu, baita lekuko eta zaurituen hitzak ere. Eztanda entzun eta berehala, biktimak laguntzeko tabernaren inguruetara hurbildu ziren auzokideen testigantzak ere entzungo ditugu, horien artean, Iñigo Urkullu lehendakariarena.
Bestalde, Txema Montero abokatua, Javier Angulo kazetaria, Carlos Garaikoetxea eta Xabier Arzallus politikariak, eta Josu Sagastagoitia Barakaldoko alkate-ohiaren hitzak jaso zituen dokumentalak.
"Atentado Bar Aldana 1980, 40 años de silencio" igande honetan izango da ikusgai 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en.