Kargatzen...
Itxi

22:15ean

Elizaren higiezinen ondarea aztergai, igandeko "360º" saioan

EiTB

Leer en Castellano

Immatrikulazioen bidez Elizak Euskadin eta Nafarroan bereganatu dituen ondasunak aztertuko ditu 'El patrimonio de la Iglesia: El gran negocio inmobiliario' izeneko erreportajeak.

Eider Hurtado "360º" saioan. EiTBko bideo batetik lortutako rudia.

Igande honetan, Eider Hurtadok gidatzen duen ETB2ko "360º" saioak Elizaren higiezinen ondarea aztertuko du El patrimonio de la Iglesia: El gran negocio inmobiliario erreportajean. Erosketa, ekarpen eta herentzien bidez jasotzen dituen ondasunez gain, polemika handia sortu duten immatrikulaziei esker lortu ditu Elizak hainbat ondasun. Francok 1946an onartu zuen immatrikulazioen legea eta neurria indarrean egon da 2015ra arte. Denbora luze horretan, apezpikuaren sinadura bakar batekin, Elizak milaka higiezin bereganatu ahal izan ditu.

Euskadin, 3.000 ondasun inguru jarri ditu Elizak bere izenean. José Mari Esparza historialaria izan zen horren berri eman zuen lehen ikerlaria; Nafarroan, 2.500 higiezin baino gehiago direla adierazi du.

Gipuzkoan, 388 immatrikulazio baino gehiago egin dira, eta kasurik aipagarriena Eskoriatzan dago, 43 immatrikulaziorekin. Imanol Zubizarreta aktibistaren laguntzarekin, herria gertutik ezagutuko dute eta Donostiako Apezpikutzak hainbat baso eta lursail saldu zituela jakingo dute. Ondasun horiek apezpikuaren sinadurarekin bereganatu zituen Elizak, eta kosturik gabe lortutako jabetza saltzeko arazorik ez zuen izan.

Elizaren jarrera argia da gaiaren inguruan: eurena ez zen ondasunik ez dutela jaso diote; hala adieraziko dute José Maria Ziarrusta Bilboko Elizbarrutiko kudeatzaileak eta Emilio Ozaeta monjeak. Ozaeta Estibalizko Santutegiko arduradunetako bat da. Eraikina Elizaren izenean erregistratu zuten 1997an, nahiz eta interes kulturaleko ondasuna izan.

Hala ere, denek ez dute iritzi berdina Elizaren barruan, Joxe Arregi apaiz ohi eta teologoak kristau fedearen kontra doan jokaera dela dio.

"360º" saioak saioak El patrimonio de la Iglesia: El gran negocio inmobiliario erreportajea eskainiko du, igande honetan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)