'El Conquis'en 8. atala
Nola edo hala zulotik ateratzea, berdeen helburua, gaur gaueko "El Conquistador"en
EiTB
Maspreza gainean orekari eusteko immunitate jokoan lehiatuko dira hiru taldeak, eta berdeen helburu bakarra irabaztea izango da. Astelehenean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.
"El Conquistador del Caribe" saioko nesken taldeak kanpamentu oso txirotik atera beharra izango du nola edo hala 8. atalean. Zuloan igarotzen ari diren gauak amaiezinak dira, eta dagoeneko lau gau egin dituzte bertan. Baina berdeen gurutze-bidea ez da hor amaitzen; izan ere, mangladian sufritzen ari direnari eta erosotasunik ezari gehitu behar zaie Maja taldeko kideek oraindik ez dutela ezer jan saioa hasi zenetik. Gainera, Aitzik agur esan zuen zazpigarren atalean, eta, ondorioz, Patriren taldea arriskuan jartzen ari da. Horregatik guztiagatik, maspreza gainean oreka mantentzeko immunitate jokoa irabaztea ezinbestekoa izango da berdeentzat.
Horretarako, ongi erabaki beharko dute talde urdinean nork ordezkatu beharko duen Eneko, ikusi beharko dute urdinek nor jartzen duten Gotzonen ordez talde gorrian eta erregutu beharko dute gorrien hautaketa beraien aldekoa izatea.
Oraingoz, argi geratu da talde berdeak lortu dituela emaitza txarrenak orain arte izandako lau immunitate jokoetan. Bestalde, gauzak berdinduago daude gorrien testosteronaren eta dortoken esperientziaren artean: bi garaipen lortu ditu bakoitzak, eta errebantxa gosez daude, gainera.
Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieran atarian ikus daitezke.