22:30ean
"Vascos por el Mundo" Kolonian izango da gaur gauean
EiTB
Pedro Mardones kazetariak Alemaniako hiri honetako inauteri ospetsuak ezagutuko ditu bertan bizi diren euskaldunen eskutik: Ursula, Jon, Maria, Mikel eta Borja.
Gaur gauean, "Vascos por el Mundo" saioan, Pedro Mardones kazetaria eta Joan Vinós kamera Koloniara joango dira, bertan ospatzen diren inauteriak ezagutzeko. Halaber, hiriko bizitza, kaleak eta inguruko herriak ere bisitatuko dituzte, han bizi diren Ursula, Jon, Maria, Mikel eta Borja euskaldunen laguntzarekin.
Koloniako inauteriak Alemaniako ospetsuenak dira. 1823 urtean sortu ziren eta etenik gabeko sei eguneko festa erraldoia dira bertako hiritarrentzat.
Kolonia Alemaniako laugarren hiririk jendetsuena da (milioi bat biztanle ditu) eta nazioartean ospe handia du, bi arrazoirengatik: bertan sortu zen Kolonia ur ospetsuagatik eta katedralagatik. 157 metroko altuerarekin, munduko eraikinik altuena izan zen Koloniako katedrala eta Errege Magoen erlikiak gordetzen ditu.
Horrez gain, Koloniatik gertu dagoen Bonn hiria ezagutuko dute. Alemania federaleko hiriburua izan zen eta bertan, Beethoven konpositore ospetsuaren jaiotze-etxea bisitatuko dute. Bonn da, gainera, gominolazko hartz famatuen sorterria.
"Vascos por el Mundo" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.