23:15ean
'Eleuterio Sánchez contra El Lute' dokumentala, gaur, ETB2n eta eitb.eus-en
EiTB
Eleuterio Sánchezek lehen pertsonan emango du bere bizitzaren berri, 'El Lute'ren mitoa haren ikuspegitik azalduz.
Gaur gauean, Eleuterio Sánchez contra El Lute, Carlos Moro eta Luis Alaejosen dokumental saritua, izango da ikusgai, 23:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en. El Lute-ren mitoaren inguruko lan honek Eleuterio Sanchezen eta inguratzen duen jendearen ikuspegitik azalduko du haren bizitza eta Frankismoaren diktaduraren errepresioa salatuko du.
Eleuterio Sanchezek haurtzaro zaila izan zuen eta gaztaroan, urte luzeak eman zituen kartzelan. Bertan lortu zuen zuzenbideko ikasketak amaitzea.
Kartzelatik ihes egin zuenean, estolda batean ezkutatuta, bere memoriak idatzi zituen komuneko papera eta idazteko makina zahar bat erabiliz. Camina o revienta memoriek ospetsu egin zuten eta haren istorioa nazioartera ere heldu zen, Alemania eta Holanda bezalako herrialdeetara, besteak beste. Boney M musika taldeak bere istorioa abesti bihurtu zuen eta zineman ere haren inguruko filmak egin ziren.
Gaurko Eleuterio Sanchez ez da orduko El Lute-rekin identifikatzen, baina aitortzen du El Lute pertsonaiaren inguruan sortu zen mitoak diktadura frankistan zehar bizitako errepresio bortitza salatzeko balio izan zuela.
Eleuterio Sánchez contra el Lute lanak dokumental onenaren Canal de Panamá 2017 saria eta 2018ko Madrilgo Giza Eskubideen Jaialdiko lehen saria irabazi zituen. Huescako Espiello jaialdiko publikoaren saria ere lortu zuen.
23:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.