Itxi

12:00etan

Behobia-Donostiaren mendeurreneko dokumentalaren estreinaldia, gaur, ETB1en

EiTB

Leer en Castellano

Lasterketa mitikoaren historia eta une esanguratsuenak biltzen dituen filmak antolatzaileen, parte hartzaileen, boluntarioen eta ikusleen lana eskertu nahi du.

Behobia-Donostia lasterketak 100 urte bete zituen 2019ko martxoaren 30ean. Lasterketaren talde antolatzaileak eta Fortuna Kirol Elkarteko zuzendaritzak erabaki zuten mendeurrena dokumental batean jaso beharra zegoela, eta halaxe egin dute.

Kirol proba honen historia eta une esanguratsuenak biltzen dituen lana Bira Produkzioak etxeak ekoitzi du, EiTBren laguntzarekin, eta gaur estreinatuko da, 12:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Ondoren, 24 orduz egongo da ikusgai EiTB Nahieranen, eta hortik aurrera, Europako jaialdi ezberdinetan erakutsiko dute. 

1919tik 2019ra bitartean herri lasterketa honek izan duen bilakaera ezagutuko dugu, bai antolakuntzak, bai parte hartzaile kopuruak izandakoa. Boluntarioen lana ere ezinbestekoa izan da, eta, nola ez, urtez urte errepide bazterretan eta kaleetan barrena kirol proba hau jarraitu duten ikusleen babesa ere bai. Horiei guztiei omenaldi bat eskaintzea da dokumental honen helburua. 

Ehun urtetan izandako gertakari sozial, historiko eta politikoek lasterketan zer eragin izan duten ere jaso dute bertan. Horretarako, urte oso bat eman dute egileek informazioa, lekukotzak, filmak eta abar biltzen. 

Herri honen historiaren parte den Behobia-Donostia lasterketaren dokumentala ezohiko egoera batean estreinatuko da, guztiok etxean egotera behartuta gauden momentuan. Hala ere, irudi historikoekin eta orain arte ikusi gabeko lekukotzekin osatutako kontakizunak ilusioa piztuko du herritar askorengan, bereziki modu batera edo bestera kirol proba hau barru-barrutik bizi izan dutenena. 

Behobia-Donostia 100. urteurrena dokumentalaren estreinaldia, 12:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

 

Bideoak (1)