Goizero, 11:00etan
"Adinberri", adineko pertsonen osasun fisiko eta emozionala lantzeko saioa
EiTB
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri Fundazioaren eskutik bideratuko da ekimena, zahartze aktibo eta osasuntsuaren aldeko estrategiaren barruan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Adinberri" adineko pertsonen osasun fisiko eta emozionala lantzeko eguneroko saioa estreinatu dute ETB1ek eta eitb.eusk-ek. Gipuzkoan zahartze osasuntsua eta aktiboa bultzatzeko estrategiari jarraiki, telebista-saio berritzailea ekoitzi du Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioaren bitartez, adineko pertsonei ariketa fisikoa eta mindfulness/meditazioa egiten laguntzeko etxean, beren ongizate fisiko eta emozionala hobetzeko.
Saioa ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 11:00etan hasita. Ordu erdiko iraupena izango du eta bi zatitan banatuko da: ariketa fisikoa eta mindfulness/meditazioa. Zati bakoitza gaian aditua den talde batek landuko du. "Uste dugu euskarri garrantzitsua izan daitekeela pertsonen osasun fisiko eta ongizate emozionala lantzeko; are gehiago, konfinamendu egoera gogor honetan", adierazi du Eider Mendoza foru bozeramaileak.
Ariketa fisikoko saioak Iñigo Vicens adituak gidatuko ditu. 20 minutuko tartean, hainbat ariketa egingo ditu, etxean egiteko modukoak. Vicensek egingo dituen ariketa horiek Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) eta Athlon S. Coop. enpresako aditu talde batek landu ditu. Ariketa fisikoen ostean, mindfulness/meditazioari zuzendutako espazio batekin biribilduko da saioa. Baraka Psikologia Integraleko Institutuko aditu taldeak sortu ditu saioak, eta gaian trebatuta dagoen Zuriñe Hidalgo izango dute gidari. Guztira 25 dira apirilean eta maiatzean zehar eskainiko dituzten saioak.
Horrela, 30 minutuko saioetan, gorputza nahiz burua landuko dira, saioak hori baitu xede, "adineko pertsonen aktibazioan eta osasunean laguntzeko errutina bat sortzea eta horretarako baliabideak esku-eskura jartzea", Mendozaren hitzetan. Gogorarazi duenez, 2061ean 65 urte baino gehiagoko pertsonak gizartearen % 33 izatea aurreikusten da, Europan bizi-itxaropen altuenetako duen lurraldea baita. "Erronka horri aurre egiten dihardugu Aldundian Adinberri Fundazioaren bitartez, zahartze osasuntsu eta aktiboa bermatu nahirik. Adineko pertsonen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea du helburu estrategiak, ekimen publikoa eta pribatua uztartuz", azaldu du.
Adituen arabera, ariketa fisikoa eta mindfulness/meditazioa egitea garrantzitsua da oso zahartzaroa ahalik eta gehien atzeratzeko eta bizitzari poztasunez eta positibismoz aurre egiteko. Ez da soilik garrantzitsua hobekuntza fisikorako, baita emozionaletarako ere. "Egunero 30 minutu gorputza aktibatzeko eta burua lantzeko deia egiten dute; bereziki orain, etxean egon behar dugun honetan. Behar horri erantzuteko helburuarekin eta errutina positibo hori sortzen laguntzeko asmoarekin jarri dugu martxan ekimen berri hau, eta espero dugu harrera ona izatea", gaineratu du Mendozak.