22:30ean
Mar del Platan izango da "Vascos por el Mundo" saioa gaur gauean
EiTB
Carolina Calvo kazetariak Argentinako kostaldeko hiri turistikoa ezagutuko du bertan bizi diren Aintzane, Ander, Miguel Angel eta Aurora euskaldunen eskutik.
Carolina Calvo kazetaria Argentinako Mar del Plata hirian. EiTBren bideo batetik lortutako irudia
Gaur gauean, "Vascos por el Mundo" saioak Mar del Plata Argentinako arrantza portu garrantzitsuena bisitatuko du. Herrialdeko hiri turistiko ospetsuenetakoa da, eta XX. mende hasieran Biarritz latinoa ezizenarekin egin zen ezaguna. Carolina Calvo kazetariak Mar del Plataren sekretu guztien berri jasoko du bertan bizi diren Aintzane, Ander, Miguel Angel eta Aurora euskaldunen eskutik.
Ozeano Atlantikoan, 47 kilometroko kostaldean zehar, paradisuzko hondartzek, badia zabalek, itsaslabar izugarriek eta basoek osatzen dute paraje ikusgarri hau. Hirian barrena, gainera, Euskal Herriarekin harreman zuzena duten kaleak eta auzoak topatuko dituzte.
"Vascos por el Mundo" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.