Itxi

Gaur, 22:30ean

'Australia bihotzean' dokumentalaren bigarren atala, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Leer en Castellano

Julian Iantzik beste 50 euskaldunekin batera Australiara egindako bidaiak Brisbane eta Sydney hirietara eramango gaitu oraingo honetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur gauean, ETB1ek eta eitb.eus-ek Australia Bihotzean dokumentalaren bigarren atala eskainiko dute, eta Brisbane eta Sydney hirietan ikusiko ditugu Julian Iantzi eta harekin batera Australiara bidaia egin zuten 50 euskaldunak. Eriz Zapirainek zuzendutako lan honek Australiara lan egitera joan ziren euskaldunak hartuko ditu protagonista eta munduaren beste puntan, bizimodua aurrera atera zutenen memoria berreskuratu nahi izango du. 

Queensland estatuaren iparraldea atzean utzi, azukre-kanabera zelaiak zeharkatu eta hiriburura iritsiko dira, Brisbanera, hain zuzen ere. Testigantza hunkigarria jasoko du bertan Julian Iantzik. Amparo Garciandia sakanarrak bost urte baino ez zituen igaro Australian, baina gaur egun ere, 50 urteren ondoren, Australiara bizitzera itzuliko litzateke. Halaxe aitortuko dio Juliani eta honek, harrituta, Australiak euskaldun guzti hauen bihotzean jarraitzeko zer ote duen galdetuko dio bere buruari.

Brisbanetik Sydneyra salto egingo dute. Sydneyn hainbat euskal herritar ibili zen duela 50 urte inguru, eta haietako asko Opera House entzutetsuaren eraikuntzan lan egin zuten. Irudi ikonikoa bihurtu da Opera House Sydneyko skylinean eta eraikina bisitatuko dute 50 bidaiariek, haren arkitektura ikusgarriaz gozatzeko. Bertan, Tere Gabiolak pasadizo dibertigarriak kontatu dizkio Juliani Opera House famatuaren inguruan. Amaia Urberuagak, bere aldetik, gaur egungo Sydney hiriko eta Australiako bizimoduaz hitz egingo dio, besteak beste, kalean ikusten diren milaka txinatarrez arituko dira (Sydneyk gehiago ematen baitu Txinako hiri bat, hiri australiar bat baino), baita aborigenen egoera tristeaz ere.

Sydneyko egonaldi honetan, 50 bidaiarietako batzuk sakonean ezagutuko ditu Julian Iantzik. Hala nola, bidaiaren gatza eta piperra izan diren bikiak elkarrizketatu ditu: Gonzalo eta Josema G. Landa. Duela ia 100 urte, haien amaren neba zaharrena Australiara etorri zela azalduko diote Juliani, eta haren semea, euren lehengusua, ezagutzeko helburuarekin bidaia egin dutela aitortuko diote.

Queenslanden jaio baina lau urterekin Euskal Herrira itzuli zen Begoña Malaxetxebarriak ere ez du Australia ahaztu, eta halaxe azalduko dio Juliani. Bestalde, euskal diaspora ezagutzeko betidaniko ilusioa izan duten Maria Luisa Etxebarria eta Gotzon Olabarri zur eta lur geratu dira Australian bizitakoarekin. Trebonneko frontoia ikusi zutenean, esate baterako, etxean bezala sentitu ziren.

Bidaiaren azken geldialdia Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxean egingo dute. Duela 50 urte baino gehiago sortu zen eta oraindik ere indartsu jarraitzen du, belaunaldi berriek eman dioten bizitzari esker. Ez dute beren aurrekoen historia ahaztu nahi, inondik inora, baina estilo berri bat ekarri dute. Julianek, ordea, epilogoaren ohorea Gure Txokoko fundatzaileetako bati eman nahi izan dio, Ramon Peñagarikanori, galdera bat baitauka oraindik erantzun gabe: "Egia al da Gure Txokoko frontoitxoa Opera House-n eraikuntzan lapurtutako materialarekin egin zela?".

Australia bihotzean dokumentalaren bigarren atala, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)