Donostiako Jaiak 2011
Artilleroaren zuzeneko emanaldia, larunbateko 'Euskadi Directo'n
A.H.
EITB
Euskal Telebistak gauero eskainiko ditu Donostiako su artifizialak.
Euskal Telebista Donostiako Aste Nagusian murgilduko da. Larunbat honetan, jaiei hasiera emango dien Artillero tradizionala eskainiko du ''Euskadi Directo'' saio berezi batek. Miriam Duquek aurkeztuko du saioa eta 18:30etan hasi eta 21:00etan amaituko da. eitb.com-en bidez kanoikada zuzenean ikusteko aukera izango dute interneteko erabiltzaileek. Horrez gain, larunbat gauean eta aste osoan zehar, Donostiako su artifizialak eskainiko ditu ETB-1ek, Izaro Iraeta eta Agustín Ezenarroren eskutik. EITB taldeko irratiek, bere aldetik, jaien gaineko jarraipen zorrotza egingo dute saio eta eduki bereziekin. Gaztea musika-irratiari dagokionez, haratago joango da, eta abuztuak 17, ostiralean, Gaztea Gaua jaia antolatuko du Kursaaleko terrazan.
Artilleroa ''Euskadi Directo''n
''Euskadi Directo''k kazetari talde zabala izango du Donostian eta zuzenean eskainiko du Festen hasierako Artillero ekitaldia. Aurten Añorgako emakumezkoen futbol taldea izango da kanoikadaren arduraduna eta ''ED''ko kazetariak beraiekin arituko dira udaletxeko balkoitik. Horrez gain, bai Alderdi Ederren zein Boulevardean biziko den giroaren berri emango dute Luis Mokora artillero nagusiak kanoiaren metxa piztu aurreko momentuetan eta ondorengo minutuetan ere. ''Euskadi Directo''k gainera, donostiarrek kainoikada terminoari ematen dioten esanahi ezberdinei buruz arituko da, eta besteak beste,.su artifizialen ondoren izozkia jatearen ohitura nondik datorren galdetuko die bertokoei.
Larunbatetik hasita eta hurrengo zortzi egunetan, ''Euskadi Directo'' minutuz minutu jarraituko du hiriburu gipuzkoarrean gertatzen den guztia. Aste osoan zehar, Antzerki Nagusian Venecia bajo la nieve antzezlana aurketzuko duen Pablo Carbonell aktorearekin izango dira, Salve tradizionalean egongo dira, baita Lasarteko hipodromoan astelehenean ospatuko den Urrezko Koparen ikuskizunean. Piratek Donstiako Portuan itsasontzia nola lehorreratzen duten ikusiko dute, su artifizialak ikusteko lekurik onenak aurkiztuko dituzte eta txikienek festetaz disfrutatzeko dituzten aukerarik onenak ezagutuko dituzte.
Euskadi Irratia eta Radio Euskadi
Euskadi Irratiak ere Artilleroa eskainiko du zuzenean, Unai Urreagak eta Kattalin Ansorenak aurkeztuko duten saio berezi batean. Saioa 18:45ean hasi eta 19:10ean amaituko da eta kanoikadaren aurretik zein ondorengo minutuetan hiriburuan bizi den giroaren berri emango du, baita Donostiako Aste Nagusi honek ekarriko dituen ekitaldi nabarmenenak aipatu ere. Horrez gain, Euskadi Irratiak ez du Aste Nagusian gertatuko den ezer galdu nahi izango eta saio ezberdientan jaien inguruko erreportaia eta eduki bereziak eskainiko ditu.
Radio Euskadi ere arreta berezia jarriko die Donostiako festeei. ''Más que Palabras'' saioa, besteak beste, Añorgako neskekin izango da larunbatean, kanoikadaren aurretik aurtengo Donostiako festek ekarriko dutena aurreratuz.
Su artifizialak
Larunbat gauean, eta aste osoan zehar, ETB-1ek jaiei buruzko tarte berezia prestatuko du. Bertan, festetako ekitaldi maiteenetako bat eskainiko da, su festa. Tartea egunero aurkeztuko dute Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok, agueko 22:45etik aurrera, Donostiako toki desberdinetatik hiria geldiarazten duen gaueko ikuskizun honen berri emanez.
Gaztea Gaua
Gaztea musika- irratia ordea, haratago joan da eta Donostiako festen parte izango da aurten ere. Irratiak abuztuak 19, ostiralean, festa handia antolatu du Kursaaleko terrazan. 23:30etan Oihan Vega DJ eta irrati esatariak Disko Festari ekingo dio, atzo, gaur eta biharko arrakastak jarriz. Ondoren, Gazteako DJ Makala oso maila altuko gonbidatuaren lagunztaz jarraituko du festa 02:30etik aurrera, Danimarkatik etorritako DJ Mikael Palner ospetsua.