22:00etan
'Lurra, ardoa, dantza Eltziegon' ikuskizuna, larunbateko "Oholtzan" saioan
EiTB
Arabako Errioxari eta ardoaren kulturari omenaldia eskaintzen dio Mulixka taldeak Marques del Riscal upategian taularatutako lanak.
2019ko udan Eltziegoko Marques del Riscal upategian grabatutako Lurra, ardoa, dantza ikuskizuna eskainiko du larunbat honetako "Oholtzan" saioak. Gasteizko Mulixka taldeak taularatuko duen emanaldiak Arabako Errioxari eta ardoaren kulturari egin nahi dio omenaldia, dantzaren eta musikaren bitartez. Josu Sanchez koreografoa eta Iñaki Palacios musikaria dira lanaren sortzaileak.
Mulixka konpainiako kideekin batera, Ekora, Villabuena eta Eltziegoko dantza taldeek, Eltziegoko Santa Zezilia musika taldeko kideek eta gaitero elkarteak hartu zuten parte.
Tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen Lurra, ardoa, dantza ikuskizunak mahatsondoetatik hasi eta ardoa lortu arteko prozesua irudikatzen du, hamaika abesti eta koreografiaren bitartez. Zenbait pasartetan, Juan Jose Monago aktorearen kontakizunak lagunduko digu istorioa ulertzen.
Larunbatean izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.