Kargatzen...
Itxi

Abentura

Josu Iztuetaren 'Arrastoan' eta 'Biziminez' dokumentalak, gaur goizean, ETB1en

EiTB

Leer en Castellano

"Helmuga" saioan egingo dioten elkarrizketaren ostean eskainiko dira Laponiara eta Amerikako Estatu Batuetara egindako bidaiak jasotzen dituzten filmak.

Josu Iztueta bidaiaria. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Gaurko "Helmuga" saioan (ETB1en eta eitb.eus-en, 12:00etan) Josu Iztueta bidaiaria elkarrizketatuko du Ana Ramosek. Ondoren, bera protagonista duten bi dokumental izango dira ikusgai: Arrastoan, euskaldunek Laponiara egindako bi zeharkalditako irudiekin, eta Biziminez, Iztuetak Antxon Arza adiskidearekin AEBn zehar egindako bidaia kontatzen duena. Bi lanak Pablo Dendaluzek zuzendu ditu. 

1974an, sei tolosarrek espedizioa egin zuten Laponiara, Zirkulu Polar Artikoa baino iparralderagoko lurralde hotz hura ezagutzeko asmoz. Haien arrastoari jarraituz, 2017an lau laponiazale amorratu (tolosarrak hauek ere) bertara itzuli ziren, 45 urte lehenago egindako bidaia aitzindari haren nostalgiaz. Euren kultur jakin-mina asetzea zuten helburu, kirol erronka gauzatzeaz gain. Pablo Dendaluze da dokumentalaren egilea eta espedizioko kideen artean dago Josu Iztueta bidaiaria. 

Iztueta dugu, baita ere, igande goizean ikusgai izango dugun bigarren dokumentaleko protagonista eta Dendaluze zuzendaria. Antxon Arza adiskidea eta biak, AEBko bideetan, "amets txiki bat betetzen". Errepideko zeharkaldia bera baino garrantzitsuagoa da barne bidaia: oroitzapen eta bizipen eder eta ez hain ederrak, jolasak, eta negarrez eta umorez gaindituko dituzten oztopoak. Bizitzari buruzko gogoeta sakona, bi adiskideren erretratu zintzoa, bizimina transmititzen duen road movie hunkigarria.