22:30ean
"Haurrak: kalea gurea da" erreportajea ikusgai, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Izaskun Moyano kazetaria haurrekin eta gurasoekin izan da kalean, euren iritzi eta bizipenak biltzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Haurrak: kalea gurea da" erreportajea izango da ikusgai gaur ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean, Izaskun Moyanok aurkeztuta. Etxetik irteten hasi garenetik, gure txoko eta bazterren paisaiak aldatzen hasi dira. Kaleak alaiago egoteko arrazoi nagusia haurrak dira. Beraien barre algarek, alaitasun oihuek eta jostailuen zaratak, esaterako, bizipoza ematen dute. Bertatik bertara egongo da saioaren lantaldea haurrekin eta gurasoekin kalean.
Oro har, oso zintzo topatu dituzte haurrak kalean. Zintzo, errespetatu behar zituzten arauekin batez ere. Kosta egin zaie lagunengana ez hurbiltzea, eta elkarrekin ez jolastea, adibidez, baina momentuz horrekin konformatu beharko direla kontatuko dute.
Haur batzuk irrikan egon dira kalera irteteko. Beste batzuek, ordea, etxean hain gustura egonda, ez dute izan halako gogo handirik, baina behin kalera irtenda, gutxik nahi izaten dute etxera bueltatu.
Hainbat egoeratan ikusi ahalko ditugu haurrak: etxean jolasten, sukaldean, kirola egiten, dantzan eta kantuan, besteak beste. Halaber, gurasoekin duten harremana aldatu edo hobetu den aztertuko dute. Horrez gain, guztiak kalera gustura irten ote diren galdetuko dute.
Alde emozionalari ere erreparatuko dio erreportajeak: barreak, negarrak, tristura, poza, itxaropena... Nola bizi izan dute hori guztia gurasoekin?
Lagunekin eta familiarekin harremanetan nola egon diren, kalera irtendako lehen egunean zer egin duten, hamaika alderdi landuko ditu erreportajeak, betiere umeen unibertsoa ardatz hartuta.
Saioko protagonista nagusiak, berriz, honako hauek dira: Azpeitiko Nagore Aramendi eta bere bost seme-alabak; Guillermo Gurrutxaga, haur jaioberri baten aita; Naiara Samper, koronabirusa gainditu duen ama; Aintzane Garmendia, Amezketako baserritarra; Zumarragako Oihana Irastorza eta bere hiru semeak; Donostiako Ainara eta bere alaba Laia; Maite Barrutia eta Asun Olaciregi; Urretxuko Martina eta Danel anai-arrebak, eta Donostiako Orfeoi Txikiko haurrak.