Emanaldi bereziak
Errekortari 2011 lehiaketako finala, larunbatean, ETB-1en
A.A.
EITB
Ondoren, aurtengo Korrika Kulturaleko Euskalaketa finala izango da ikusgai.
Errekortari 2011 lehiaketako finala eskainiko du Euskal Telebistaren lehen kateak larunbat honetan 21:15etik aurrera. Horren ostean, beste emanaldi berezi bat izango da ikusgai: Korrika 17ren barruan antolatutako Euskalaketa txapelketako finala.
Errekortari finala
Ohi denez, Tafallako zezen plazan jokatu da Errekortari lehiaketako finala, beste bi finalerdietako, Tolosa eta Azpeitiako, errekortari onenen artean. Imanol Artolak eta Migel Zendoiak abuztuaren 17ko ikuskizinaren kronika egingo dute larunbat gauez ETB-1en.
Hamasei errekortari izango dira nor baino nor finla honetan. Tolosan sailkatutakoak hauek dira: Fran de Santa Eugenia, Tomas Pérez, Eloy Puedo, Oier Gastamiza, Fernando Pozuelo El Rubio, Joel Rodríguez, Moy eta Juanjo Marti. Azpeitiko finalerditik datoz honakoak: David Ramirez El Peque, Sergio Delgado, Jesus Egurza, Jose Antonio Garcia Guana, Julian Gomez Carpio, Cuatio, Jonatan Estebanez, Marcos Prieto eta Sergio Valle.
Ribera de Campocerrado ganadutegiko zezenekin arituko dira lehian 16 errekortariak eta euren lana aztertuko duen epaimahaia Jose Ramon Carnicerrek, Javier Antoñanzasek eta Iñaki Abaigarrek osatuko dute.
Aurrez aurre, zezenari iskin egitea da errekortarien eginbeharra, gerriarekin mugimenduak osatuz. Adorea, azkartasuna eta trebetasuna nahitaezkoak dira zezenaren erasoari aurre egiteko, 500 kilotik gorako animaliak baitira. Teknika ezberdinak erabiltzen dituzte.
Ikusleek ikuskizunarekin gozatzen duten bitartean, epaileek errekortarien lana ebatzi behar dute. Zezenari aurre egiteko moduan erreparatzen dute, pausuen zailtasuna eta gardentasuna ere kontuan izanez.
Euskalaketa finala
Errekortarien ondotik, 22:50ean, beste ikuskizun bat eskainiko du ETB-1ek, euskarazko bakarrizketa lehiaketa. Apirilaren 17an, Donostiako Antzoki Zaharrean, Korrika Kulturalaren barruan jokatutako Euskalaketa finala.
Apirilaren 7tik 17ra burutu zen Korrika 17ren barruan sortutako egitasmo berritzailea izan da Euskalaketa, AEK eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak elkarlanean antolatuta. Lehiaketaren funtsa "euskalakaririk onena" aukeratzea izan zen.