Kirolak
Aimar Olaizola eta Ainhoa Tirapu protagonistak, asteburuko kirol emanaldietan
EiTB
Arrauna, herri kirolek, mendiak eta zesta puntak osatuko dute larunbat eta igandeko eskaintza.
Aimar Olaizolaren final historikoak berreskuratuko dituzte asteburu honetako pilota saioetan. Larunbatean, "Gure Bideoteka" tartean (18:00etan), hiru partida hauek eskainiko dira: Barriola vs Olaizola II (2002ko Lau T'erdiko finala), Olaizola II vs Irujo (2013ko Buruz Buruko finala) eta Olaizola II-Begino vs Xala-Beroitz (2011ko Binakako finala). Igandean, "ETB Kantxa Solasean" saioan (17:00etan), lau norgehiagoka hauekin gozatu ahal izango dugu: Irujo vs Olaizola II (2005ko Buruz Buruko finala), OlaizolaII-Irujo (2008ko Lau T'erdiko finala), Olaizola II vs Irujo (2013ko Lau T'erdiko finala) eta Olaizola II-Mendizabal II vs Titin II-Laskurain (2008ko Binakako finala).
Ainhoa Tirapu izango da asteburuko beste protagonista. Igandean, "Helmuga" saioan (11:30ean), 15 urtez Athleticeko atezain izan denari egindako elkarrizketa izango dugu ikusgai. Ondoren, Katea ez da eten dokumentala eskainiko da, Realeko atezain izan zen Ana Ruiz Mitxelenari buruzkoa, eta segidan 2009ko Hondarribiako Bandera berreskuratuko da.
Igandeko kirol eskaintza herri kirolen tartearekin osatuko da (16:00etan), Goenatxo II.a harri jasotzailearen balentriekin.
Bestalde, gaur gauean, ohi denez, zesta punta emanaldia izango dugu (23:15ean): Markina-Xemeinen jokatutako 1993ko Buruz Buruko Txapelketa, Bolibarko Txikito vs Katxin Uriarte eta Markinan jokatutako 1993ko Buruz Buruko Finala, Bolibarko Txikito vs Remen.
Joan den igandean Kilian Jorneten elkarrizketa eta Everesterako bidea dokumentala ikusterik izan ez zutenek bigarren aukera bat izango dute gaur arratsaldean (15:55ean).