22:30ean
"Vascos por el Mundo" Zipren izango da gaur gauean
EiTB
Nahiara Gago kazetariak Mediterraneoko uhartea ezagutuko du bertan bizi diren bost euskaldunen eskutik.
Gaur gauean, "Vascos por el Mundo" saioak Ziprera egingo du bidaia, Mediterraneo itsasoko hirugarren uharterik handienera, hain zuzen ere. Nahiara Gago kazetariak uharteko sekretuak ezagutuko ditu bertan bizi diren bost euskaldunen eskutik: Jon, Andrea, Mikel, Ander eta Jon.
Herrialdeko hiriburua Nikosia da, hiriaren erdia Zipreko Errepublikak kontrolatzen du, eta beste erdia Turkiaren kontrolpean dago.
Familia osoarentzako planak eskaintzen dituen uhartea da Zipre. Tokirik ikusgarrienen artean, Petra Tou Romiou harria ezagutuko dute, Afrodita maitasunaren eta edertasunaren jainkosaren jaiolekua. Marko Antoniok Kleopatrari egindako oparia da Zipreko uhartea, eta ur hauetan igeri egitean betirako maitasuna lor daitekeela dio kondairak. Larnakako Mackenzie Beacheko uretan igeri egin eta kirol akuatikoak praktikatzeko parada izango du saioak.
Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunen bizipenak biltzen dituen "Vascos por el Mundo" saioak grabazioak eten behar izan ditu koronabirusaren erruz, eta munduan barrena egindako bidaiak berreskuratzen ari da. Hurrengo asteetan, Panama, Florentzia, Puerto Rico eta Guatemalari eskainitako atalak izango dira ikusgai.
"Vascos por el Mundo" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.