''Conquis''en 21. atala
Durana, "erraldoi-hiltzaile" berria, Ion eta Jurdan kanporatu ostean
EiTB
Ustez indartsuenetako bi kanporatzea lortu du gasteiztarrak; izan ere, aurrerantzean bi kanporatu izango dira. Bestalde, "El Conquistador"en historiako saririk onenaz gozatu dute urdinek.
Duranak "El Conquistador del Caribe"ren 21. atalaren dueluan egin duen erakustaldiak aho zabalik utzi ditu guztiak. Finalean egoteko gosea guztiaren gainetik egon da eta mahai gainean kolpe ederra eman du Duranak, ustez "indartsuenetako" bi lehiakide kanporatuta: Ion eta Jurdan. Dueluan, beharbada, ez da fisikoki indartsuena izan –hau frogatu beharra dago Pali nola kanporatu zuen ikusita–, baina mentalki gai izan da Seletaren bastioietako biri aurre egiteko.
Neurriz jokatzen duela esan du askotan Ionek, baina horren falta erakutsi du oraingoan. Kakoa erraztuko zion soka galdu duenez, atzeratu eta jokoz kanpo geratu da ia hasieratik. Bestalde, jokoan sartzea kostatu zaio Jurdan "despistatua"ri. Behin pala lortuta, aurrera egin eta Durana estu jarri du behin baino gehiagotan. Alabaina, gasteiztarrak garaipena lortu du azken unean konstantea eta nekaezina dela erakutsita.
Garesti ordaintzen da egun txar bat "El Conquistador" saioan, eta Seletarenek txarrena aukeratu dute huts egiteko. Hasieratik zuziarekin egin beharreko iraupen jokoa alde zuten arrazoi askorengatik: urdinak baino gehiago ziren, ur probetan aditua den Lander zuten taldean, pilak kargatuta zituzten... Gainera, urdinen taldean, Nekanek lesioa izan arren, abenturan jarraitzea erabaki du, eta, beraz, Manuren taldekoak harekin "kargatu" behar izan dute. Ondorioz, gorriek dena alde zuten, baina Seletak eta bere taldekoek ez dute jokoaren gakoarekin asmatu: zuziari nola heldu. Urdinak, ordea, horretan ondo ibili dira, ia horizontalean eutsirik.
Aurrerantzean dueluetan irabazle bakarra egongo dela iragarri die Julianek lehiakideei, eta, beraz, talde gorriko bi lehiakidek abentura utzi beharko zuten. Urdinek izugarrizko poztasuna hartu dute eta astebetez lasai egoteko aukera izango dute. Garaipenari esker, bizitzako bazkari gozoenaz gozatu dute, eta masaje lasaigarriak jaso dituzte abentura gogorrak mindutako gorputzetan.
Bitartean, "Alcatraz"en eta karakolen kobazuloko infernuan erori da Caguama taldea. Urdinek Ion kondenatu dute; gorriek, Jurdan, despistatua dela leporatuta, eta Seleta kapitainak Durana hautatu du. Aukera ona izan da gasteiztarrarentzat, abenturan jarraituko baitu, eta, gainera, indartsuenetako bi kanpoan utzita.
Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30 aldera, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.