22:15ean
Modaren benetako prezioa aztergai, gaur gauean, "360º" saioan
EiTB
Eider Hurtadok aurkeztutako saioak moda ekoizpenak ingurumenean duen eragina eta ondorio sozial eta ekonomikoak aztertuko ditu.
Modaren industria nazioarteko arazo handi bilakatu da: iragankorra eta merkea da gaur egun merkatuan topa dezakegun arropa gehiena eta haren ekoizpenak dituen ondorio kaltegarrietan pentsatu gabe kontsumitzen dugu. Igandeko "360º" saioak El auténtico precio de la moda erreportajea eskainiko du ehungintzaren ekoizpenak dituen ondorio sozial eta ekonomikoak eta ingurumenean duen eragina aztertzeko.
Horrenbeste arropa behar al dugu? Eider Hurtado kazetariak Patricia elkarrizketatuko du. Bere hilabeteko soldataren herena gastatzen du arropa erosten eta modaren jarraitzaile sutsua dela aitortuko du. Low-cost arropa ekoizten duten marka erraldoiek sustatzen duten fast-fashion kontsumitzeko modua hartuko dute hizpide.
Horrez gain, Brenda Chávez ezagutuko dugu. Luxuzko moda aldizkarietan urte luzez lan egin ondoren, kontsumo arduratsuaren aldekoa da, eta mota honetako aldizkariek salmentak areagotzeko erabiltzen dituzten estrategien berri emango digu.
Baina, zer dago bi euroko kamiseta baten etiketaren atzean? Setem Hego Haizea Legez Kanpoko Erakundeak ehungintza enpresa handien langileen esplotazioa salatu du munduko herrialde pobreenetan. Halaber, Ingrid Palacios Salvadorreko Mujeres Transformando elkarteko aktibistarekin hitz egingo dute, eta ehungintzako langileen lan baldintzak salatuko ditu. Egunero, 15 ordu lan egiten eta astero 10 dolar irabazten dituen emakume brodatzaile baten kasua ezagutuko dute.
Hainbat aktibistek modaren industriak eragiten duen langileen eta ingurumenaren esplotazio horren kontrako kanpainatan parte hartzen dute, horien artean, Zumaiako Jon Kareaga aktibistak bere bizipena azalduko digu.
Industriak sortzen dituen arropa soberakinak Outlet ezberdinetara eramaten dira. San Sebastian de los Reyesen dagoen outlet erraldoi batetara joango dira eta bertan NEINVER taldeko arduradunarekin, Oscar Matarekin, egongo dira. Zer gertatzen da biltegi hauetan saltzen ez den arroparekin? Moda marka batzuek, Burberryk adibidez, soberako arropa erre izan dute.
Gainera, ehungintza munduko bigarren industriarik kutsakorrena dela jakingo dugu, petrolioaren atzetik. Celia Ojeda Greenpeaceeko kideak ingurumenean duen eragin kaltegarriez hitz egingo du, eta adibide gisa, bakero batzuk ekoizteak duten ingurumen kostua kalkulatuko dute.
"360º" saioak El auténtico precio de la moda erreportajea eskainiko du gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.