22:15ean
Mugako istorioak, gaur gauean, "360º" saioan
EiTB
Eider Hurtado aurkezlea Bidasoaren bi aldeetan ibiliko da, gerra, erbestea, immigrazioa eta kontrabandoa ezagutu den lurraldean.
Hegoaldea eta Iparraldea banatzen dituen muga duela hiru hilabete zeharo hetsi zuten berriro ere, koronabirusari aurre egiteko. Kontrolak itzuli ziren, mugako pasabideak itxi zituzten eta bereizketa geografikoa areagotu. Euskal Telebistako "360º" saioan, egoera berezi hori aprobetxatu dute mugan bizi diren lagunen istorioak, bitxikeriak eta pasadizoak jasotzeko.
Eider Hurtado aurkezlea Bidasoaren bi aldeetan ibiliko da, gerra, erbestea, immigrazioa, kontrabandoa eta merkataritzak markatutako lurraldea eta haren bizilagunak ezagutzeko. Luis eta Mikel Alzugurenek Ibardinen dauden hogei bentetako bat dute. Luisek kontrabandoan hasitako bizitza kontatzen du; gaztetatik ikusi zuen bere burua mugaren alde batetik bestera salgaiak garraiatzen, Guardia Zibilaren tiroei ihesi.
Kontrabandoa konfinamenduan itzuli dela jakingo du Eider Hurtadok. Itxialdian, merkatariek eta bizilagunek beren negozioak arriskuan ikusi dituzte. Krisi egoerak saihesten adituak dira inguruotako bizilagunak. Horren adibide dira Dantxarineko Txomin Iribarren eta Behobiako Ruben Fraile eta Josema Elosua. Egoera latz honi nola egingo dioten aurre erakutsiko digute.
Bestalde, Juncalekin eta Marisolekin elkartuko dira "360º" saioan. Juncalentzat gerrak goitik behera aldatu zuen dena; alabak, aldiz, mugak ireki eta milaka lagunek lanpostuak galdu zituzten egunak ditu gogoan. Bestalde, María Angelesekin hitz egingo dute, mugako txokorik ospetsuenetako baten jabea. Trinketea ustekabekoak gordetzen dituen frontoia da.
Bidasoa-Txingudi eskualdeko biztanleek mugaz gaindiko lehen partzuergoan islatu dituzte batasun eta anaitasun sentimenduak. Inguru honek egoera geografiko pribilegiatua du, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondarribia eta Irun eta Akitania Berriko Hendaia udalerriek osatzen baitute. Jose Antonio Santano Irungo alkateak, Txomin Sagarzazu Hondarribikoak eta Kotte Ecenarro Hendaiakoak mugez ulertzen ez dituzten emozioak eta oroitzapenak partekatuko dituzte.
Historia garaikideari buruz ere arituko dira. Hendaia aldera egingo du ETB2ko saioak Patxi Nublia (Sokoa enpresako gerentea) elkarrizketatzeko. Espainiako poliziak ETAren armategia aurkitu zuen bertan. Gainera, Andoni Etxarrik gerratik ihesi bere familia Hendaiara nola iritsi zen kontatuko digu.
Vivir en la muga erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:15ean, "360º" saioan, Eider Hurtadoren eskutik, ETB2n eta eitb.eus-en.