Albistegi berezia
Irailaren 11ko atentatuen 10. urteurrenaren jarraipen zabala ETBn
A.H.
EITB
Mikel Reparaz ETBko albistegietako nazioarteko arduraduna New Yorkera joango da Olatz Arrieta korrespontsala bere lanean laguntzera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Asteburu honetan, ETBko albistegiek 2001eko irailaren 11n gertatutako atentatuen hamargarren urteurrenaren gaineko albiste jarraipen berezia egingo dute. AEBtan ETBk duen berriemailea, Olatz Arrieta, Euskal Telebistaren aurpegi eta ahotsa izango da Zero Gunean. New Yorken izango diren ekitaldiez gain, gertaera garrantzitsu honek AEBtan eta mundu osoan izan zituen ondorioak aztertuko ditu.
Mikel Reparaz ETBko albistegietako nazioarteko gaien arduraduna New Yorkera joango da Olatz Arrietarekin jardutera. Bertatik, bloke informatiboak koordinatuko ditu eta kalean gertatuko denaren berri emango du.
Olatz Arrieta korrespontsalak, bere aldetik, zuzenekoak egingo ditu asteburuko albistegi guztietan Zero Gunetik. Hirian egingo diren oroimenezko ekitaldiak eskainiko dira eta horrez gain, irailaren 11ko gertakariek mundu osoan izan duten eragin eta ondorioak aztertuko dituzte: mundua hamar urte hauetan nola aldatu den, atentatuek gure inguruan izandako talka soziala, edota gertakari horiek hiritarren segurtasunean eta eskubideetan izan duten eragina aztertuko dituzte, besteak beste.
Mugak zeharkatuko dituen albiste jarraipen berezia eskainiko da asteburuan. Izan ere, ETBk munduan zehar dituen korrespontsal ezberdinek irailaren 11ko atentatuen ondorengo gertakariak ekarriko dituzte gogora: Amaia Etxezarretak Madrilen Martxoaren 11an gertaturikoa, Ane Rotetak Londresko metroaren aurkako erasoa eta Odei Arrausik Baliko atentatuak. Xabier Collados Bruselako berriemaileak Europako politikak eta segurtasun gaiak azkeneko 10 urteetan nola aldatu diren aztertuko du.
Horrez gain, ETBk duela hamar urteko New Yorkeko atentatuak nola bizi eta kontatu zituen gogoratuko dute albistegietan. Orduan, Juan Carlos Etxeberria eta Estibaliz R. de Azua ziren albistegietako aurkezleak eta elkarrekin aurkezten zuten lehenengo aldia izan zen. Olatz Arrietak egin zuen berriemale lana eta Ramon Aizarnak, New Yorken bizi den euskaldunak, bertatik egin zuen gertatu zen guztiaren kontakizuna telefonoz, dorre bikien aurreko eraikinean bizi baitzen.
9/11 Estado de emergencia dokumentala
Urteurrenaren harira, igandean ETB-2k 9/11 Estado de Emergencia dokumentala eskainiko du. Doku-drama honetan, politikari eta militarrek zein kaleko gizon emakumeek gerra berri honen aurrean lehenengo momentu kritiko haietan hartutako jarrera zein izan zen azalduko du.
Elkarrizketak eta narrazioa nahastuz eta artxiboko irudiak erabiliz, dokumentalak gobernuak bizi izan zuen krisia islatuko du, baita kaleko hainbat heroi anonimoek hartu behar izan zituzten jarrera erabakiorren lekuko. Denek, bai gobernuko kideek zein kaleko pertsonek bere bizitzako probari aurre egin behar izan zioten.
Dokumentalak atentatuko unean airezko kontrol gelan zeuden langileak, Etxe Zuriko Estatu Gelan zeudenak eta hegaldi zibilak eraitsi beharrean aurkitu ziren F-16etako gidariak ezagutuko ditu. Filmak, gainera, ez ditu kaleko emakume eta gizon arrunten istorioak - hegazkin gidariak, suhiltzaileak, bahitutako hegaldietako pertsonen familia kideak- ahaztuko.