Itxi

Lehiakide gogokoena

Mikel Perez konkistatzailea da "El Conquis"eko ikus-entzuleen lehiakide gogokoena!

I. A. | EITB.EUS

Leer en Castellano

Oiartzuarrak jaso ditu saioko jarraitzaileen boto gehien. Durana izan da bigarrena; Erro, hirugarrena; Nekane gelditu da laugarren postuan; Idoia, bosgarrenean; eta Lander, seigarrenean.

Mikel eta Durana, Mikel irabazlea dela esan duten unean. EiTBren bideo batetik ateratako iruda

Mikel Perez Oiartzungo CrossFiteko monitorea izan da "El Conquistador del Caribe" saioko lehiakideen artean ikus-entzuleek gogokoen izan dutena. Besteak beste, gainditutako dueluei eta bere indarrari esker lortu du 5.000 euroko diru-saria. "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren historiako bigarren lehiakidea da irabazlearen ikurrina eskuratzeaz gain ikus-entzuleen gogokoena izatea ere lortu duena; lehena Gotzon Mantuliz izan zen, eta mezua bidali dio Mikeli. Durana izan da bigarren gogokoena; Erro, hirugarrena; Nekane gelditu da laugarren postuan; Idoia, bosgarrenean; eta Lander, seigarrenean.

Bi talde izan zituen fasean, gorriek lau aldiz bidali zuten Mikel duelura, eta erronka latzak gainditu zituen. Dena den, "Iceman"ek (lagunek horrela esaten diote, sentimendurik adierazten ez duelako) ez du oso gaizki hartu dueluetara joan beharra, nahiz eta behin irribarretsu protesta egin zuen, era nahiko barregarrian.

Gainditu zituen lau erronketatik bitan erakustaldi itzelak egin zituen Mikelek: Estherren eta Virren aurka egindako kakoen dueluan eta Simon eta Virren aurka egindako makila mozkorren erronkan. Elkarren segidako dueluak pilatu ahala, oiartzuarrari nekea eta zauriak metatu zitzaizkion, eta jota zegoela esan zuen.

Baina final handira nekatuta iritsi arren, argi utzi zuen urdinek ez zutela berarenak egin, eta "El Conquistador del Caribe" saioko irabazlearen ikurrina eskuratu zuen. Bere abenturaren azken atalean nagusitzeaz gain, saioko ikusleen lehiakide gogokoena bilakatu da.

Durana, bigarrena

Ez dugu Durana ahaztu nahi gogokoenaren sariaren lehiaketa honetan, bigarrena izan baita. Abentura hasi zenetik, gasteiztarrak erakutsi zuen bere umore ona ez zela desagertzen ez porrotekin ezta kanpamentu oso txiroko egonaldi latzekin ere, astero taldekideak animatzen baitzituen. Raul abeslariaren zalea dela aitortu zuen, eta haren eta Juanito Oiarzabalen pasadizoak kontatu zituen.

Baina haren abenturan bestelako uneak ere izan dira, eta parte hartu duen dueluetan argi utzi du lehiakide gogorra dela: soka askatzeko dueluan, Pali etxera bidali zuen, erakustaldia eginda; kaiolatik ihes egiteko dueluan, Ion eta Jurdan talde gorriko lehiakide indartsuenetakoak kanporatu zituen, eta duelu hori irabazi ondoren, emakumeen boterea aldarrikatu zuen, honako hau esanez: "Emakumeak ez gara sexu ahula inondik inora ere".

Erro, hirugarrena

Kameren aurrean hitz egitea gustuko ez duela esan zuen arren, Errok une oso dibertigarriak utzi dizkigu bi taldeko fasean. Lesakako mekanikariak aitortu zuen askoz gusturago zegoela taldean neskak izanda. Fase horretan sortu zen Idoiarekin zuen harreman berezia; getxotarra bere lagun min bilakatu zen. Ehiztariak ahuntz bat ehizatu zuen eta arrantzarako dohainak ere badituela erakutsi zuen, Landerrekin batera globo arrain bat harrapatuta.

Boto-emaileei saria

Azkenik, botoa eman duten guztien artean bidaia bat zozkatu dugu, eta Silvia Varona bilbotarrak irabazi du. Sercotel Villa de Laguardia hotelean, bi lagunentzako egonaldian, bi gau igaroko ditu logela bikoitzean, eta gosariaz eta Errioxa jatorri-izendapena duen ardoaz lagunduriko afariaz gozatuko du, Wine Oil Spa Villa de Laguardian ur termaleko zirkuituan lasaitu eta Villa Lucía gune gastronomikoa bisitatzeko aukera izango du. Zorionak!