Itxi

22:30ean

Guardia eta Urduña arteko ibilbidea, gaur gauean, "The Basque Route" saioan

EiTB

Leer en Castellano

Iñaki Urrutia eta Maribel Salas Guardian, Bastidan, Gesaltza Añanan eta Urduñan izango dira.

Iñaki Urrutia eta Maribel Salas "The Basque Route" saioan. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Gaur gauean, "The Basque Route" saioaren laugarren atalean, ibilbide ezezagun eta dibertigarri bat egingo dute, Guardian hasi eta Urduñan amaituko dena. 

Iñaki Urrutia Guardiatik aterako da, Villa Lucia bisitatu ondoren, eta Bastidan egingo du topo Maribel Salasekin. Han, moto elektriko oso ekologiko eta jasangarriak  probatu, eta leku ezezagunak aurkituko dituzte, dolare zahar bat eta Erdi Aroko nekropoli bat tartean. 

Bakoitzak bere bideari ekiteko banandu ondoren, Iñaki Sobrongo abentura parkera joango da, eta familia batekin elkartuko da han, paintball partida bat jokatzeko.

Ariketa fisikoa egin ostean, gosetuta, Gesaltza Añanan egingo du geldialdia. Batetik, Gatz Harana bisitatuko du, munduko kultura, arkitektura, ingurumen, paisaia eta arkeologia multzo garrantzitsuenetakoa; eta bestetik, Añanako Jauregira joango da, Nicok prestatzen dituen jakiak dastatzeko. 

Jarraian, Urduñara abiatuko da Iñaki. Bais garagardotegia bisitatuko du, eta Txeluk eta Idoiak hainbeste sari irabazten dituen artisau garagardo honen sekretuak kontatuko dizkiote. 

Errepidera itzulita, Bizkaiko hiri bakarrera helduko da. Maribel Urduña Plaza bainuetxean izango du zain, ezusteko eder batekin. 

"The Basque Route" saioa ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)