Emanaldi berezia
Imanolen omenezko gaua, larunbatean, ETB-1en
A.A.
EITB
Imanol Donosti Tombuctú egitasmoaren barruan, Donostiako Kursaal jauregian egindako kontzertua izango da ikusgai lehendabizi eta abeslariari buruzko dokumentala ondoren.
Imanol Larzabal abeslariaren omenezko gau emanaldi berezia prestatu du ETB-1ek larunbat honetarako. Imanol kantariaren omenezko Imanol Donosti Tombuctú egitasmoko kontzertua eta ikus-entzunezkoa eskainiko ditu 21:50etik aurrera.
Imanol Donosti Tombuctú Jose Mari Aleman diseinatzailearen eta Suburbano talde madrildarraren proiektua da, Imanolen abestiak berreskuratzen eta euskal kulturako irudi handietako bat omentzen duena.
Musika lanean hogeitik gora artistak hartu zuten parte eta gehientsuenak pasa den martxoan Kursaalen egin zen emanaldian bildu ziren: Suburbano, Luis Eduardo Aute, Luis Pastor, Lourdes Guerra, Maria Berasarte, Jose Luis Monton, Odei Lizaso, Jorge Tejerina, Gorka Hermosa, Amaia Zuburia, Javier Palancar, Mikel Ferres, Lorenzo Solano, Maria Mendizabal, Alvaro Cardenas, Joâo Afonso, Pablo Guerroro, Marina Rossell eta Aurora Beltran.
Kontzertuaren ostean, Imanoli buruzko dokumentala izango da ikusgai, Iñaki Zabalak egina. Bertan, diskoaren grabazioaren making off-a eta moldatutako kanta horien ibilbidean zehar errepasoa daude ikusgai. Grabazioetako irudiak eta ETBko artxibo irudiak baliatuz egindako ikus-entzunezkoa da eta bertan, gainera, Clara Lopez Rubiok egindako Aurora laburmetraia dago ikusgai. Imanol da filmeko aktore nagusia hain zuzen.
Tombuctú
1999an Luis Garcia Berlanga zinemagileak París Tombuctú filma estreinatu zuen garai beretsuan, Imanolek Donostiatik alde egin zuen. Pelikula hartako musika Suburbano taldeak egin zuen eta kanta nagusia Manolo Tenak abestu zuen. Kanta hark erabat hunkitu zuen Imanol, bere buruaren islada zirudien. Abiatu berri zuen bidaiaren norabideari Tombuctú izena jarri zion eta sarritan abestu izan zuen kanta hori.
Imanolentzat Tombuctú ez zen babesleku soila, esperantzaz beteriko bidaia baizik, bide berriak urratuko zituen bidaia. Mediterraneoko eguzkipean, iragana atzean uztea zuen helburu. Tartean, hori bai, Madrilera joan ohi zen, aspaldiko lagunak ikusi eta haiekin bere proiektu berriak partekatzera.
Bakardadea zen Tombuctú, aitzitik, kidetasuna ere bai, madrildarrek, extremeñoek, andaluziarrek, aragoitarrek, asturiarrek bat egiten zuten lekua. Flamenkoa, txotisa, boleroak, tangoak eta zortzikoak anaiturik.
Imanolen garai hura gogora ekarri eta besteekin partekatzea izan dute helburu Imanol Donosti Tombuctú egitasmoaren arduradunek.