22:30ean
'Aritz Aduriz: Gogoaren indarra' dokumentalaren estreinaldia, gaur gauean
EiTB
Umea zela baloiaren lilurak harrapatu zuen aurrelari donostiarraren ibilbidea errepasatuko du ETBko kirol erredakzioak prestatu duen ikus-entzunezkoak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Futbolean, oro har, baina, bereziki, Athleticen arrastoa utzi duen Aritz Aduriz jokalariaren ibilbidea biltzen duen dokumentala prestatu du Euskal Telebistako kirol erredakzioak eta gaur gauean estreinatuko da, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Umea zela baloiaren lilurak harrapatu ostean, 20 urte eman ditu futbol profesionalean. 39 urteko aurrelari donostiarra gertutik ezagutzeko aukera eskainiko digu Gogoaren indarra ikus-entzunezkoak.
Baloian laburbiltzen da dena. Baloian, eta bere inguruan sortutako harremanetan. Futbola ez datorkio familiatik Aritz Adurizi. Hainbat kiroletan hazitakoa, baloiak errekarri zuen txikitan. Bidaia luzea hasi zuen orduan: Donostia, Gasteiz, Burgos, Valladolid, Mallorca, Valentzia, Bilbo...
Hainbat toki eta lagun, bizipen eta sentipen. Gertukoen, lagunen eta taldekideen laguntzarekin bide gogoangarria osatu du. Protagonista bereziak, guztiak ere: Andoni Iraola, Carlos Gurpegi, Josu Urrutia, Ernesto Valverde, Iñaki Williams eta beste hainbat.
Protagonista beraren hitzek eta inguruan izan dituen pertsonen oroitzapenek jantziko dute 20 urteko ibilbide luze eta arrakastatsuaren errepasoa. Halaber, aurrelariak futbol zelaian utzitako momentu gogoangarrienekin gozatzeko parada izango dute zaletuek berriz ere.
Aritz Aduriz: Gogoaren indarra dokumentala gaur eskainiko da, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.