Itxi

Estreinaldia

'Escépticos' astelehenean hasiko da ETB-2n

A.A.

EITB

Luis Alfonso Gamezek aurkeztuko duen saioak sinesmen sasizientifikoak zalantzan jarriko ditu, frogatuta dauden gertaerak eta faltsuak direnak zehazteko asmoz.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Telebistak 'Escepticos' saio berria estreinatuko du datorren astelehenean Luis Alfonso Gamez kazetariaren eskutik. Jose A. Perezek sortutako saio honek zientzia eta entretenimendua uztartuko ditu. Zehaztasun handiz eta era moderno, ausart eta dibertigarrian, zalantzan jarriko ditu gizartean ospe gehien lortu izan duten baieztapen sasizientifikoak. Homeopatia, Jainkoaren existentzia, objektu hegalari ezezagunak, transgenikoak, telefonia antenak eta osasuna dira, besteak beste, 'Escepticos' saioak jorratuko dituen gaiak, begirada kritikoarekin eta eszeptizismoaren ikuspuntutik.

Saioa Barakaldoko El Regato ikastetxean aurkeztu da ostiral honetan, 11:30ean. Bertan, Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendariak, Luis Alfonso Gamez saioaren aurkezle eta kazetariak eta programaren grabazioan parte hartu duen El Regato ikastetxeko ikasle taldeak hartu dute parte.

'Escepticos' saioak 13 gai zientifiko eta sasizientifiko landuko ditu, elkarrizketak, docureality-a eta animazioak erabiliz. Aditua ez den ikus-entzuleak ulertzeko moduko azalpenak emango dituzte, frogatuta dauden gertaerak eta faltsuak direnak ezberdintzeko gai izan daitezen eta bere eguneroko bizitzan pentsamendu kritikoa aplikatzeko oinarriak eskainiz.

XXI. mendeko aurrerapen zientifikoentzat oztopo bihurtu daitezkeen mitoen gainean jarriko du begirada zorrotza ETB-2ko saioak. Pentsamendu kritikoa indartzea izango du helburu, kulturak gizartea askeago egiten duela aldarrikatuz.

ETBk Gabonetan 'Escepticos' saioaren atal bat eman zuen, gizakia ilargira heldu zeneko baieztapenari buruzkoa, eta arrakasta handia izan zuen ikus-entzule eta internauten artean. Orain jarraipena izango du, 13 atal gehiagorekin.

Luis Alfonso Gamezek aurkeztuta eta Jose A. Perezek zuzenduta

Luis Alfonso Gamez kazetariak aurkezten du saioa. Leku batetik bestera ibiliko da Gamez, atal bakoitzean aztertuko den gaiari buruz adituen iritziak eta froga fidagarriak biltzen.

Gamezek, El Correo egunkarian lan egiteaz gain, Magonia bloga gidatzen du sarean. La cara oculta del misterio liburuaren egilea da eta eszeptizismoarekin zerikusia duten hainbat elkarteko kidea da (Circulo Esceptico eta Comite para la Investigacion Esceptica, besteak beste).

Programaren zuzendari eta sortzailea Jose A. Perez da. Hainbat telebista saiotan dihardu: 'El Hormiguero' eta 'El Club de la Comedia'n gidoilari eta 'Ciudad K'n zuzendari. Mi mesa cojea  blog ezagunaren egilea ere bada.

Astelehenean, lehenengo atala

'Escepticos' saioaren lehenengo atala datorren astelehenean eskainiko da 22:00etatik aurrera ETB-2n eta terapia alternatiboak izango ditu ardatz, medikuntza konbentzionalaren osagarri moduan aurkezten zaizkigun reflexologia, akupuntura, reikia eta Bach-en Loreak bezalako teknikak hain justu.

Medikuntza naturalak hainbat adar ditu eta horien egiazkotasuna frogatzen saiatuko da Luis Alfonso Gamez. Terapia alternatibo hauek plazebo efektua al dute ala eraginkorrak al dira benetan? Zergatik dira alternatiboak?

Gamezek aditu hauek elkarrizketatuko ditu: Pedro Miguel Etxenike fisikari eta Asturiasko Printzipe Saria, Juan Ignacio Perez, Fisiologian katedraduna eta UPV/EHUko errektore ohia, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburua eta Cosme Naveda Bizkaiko Medikuen Elkargoko presidentea.

Bideoak (1)