Kirolak
Xistera Masterseko finalak, Euskal Pentatloia, estropadak eta pilota, gaur ETB1en
EiTB
Santurtziko Ikurriña izango dute jokoan larunbateko estropadetan, eta "ETB Kantxa" saioko pilota partidak Soriatik izango ditugu ikusgai. Biak ETB1en eta eitb.eus-en, zuzenean, eskainiko dira.
Kirol eskaintza zabala izango dugu gaurko egunean zehar ETB1en eta eitb.eus-en: zesta punta, herri kirolak, arrauna eta pilota.
Hasteko, 12:00etan, ETB1en, Xistera Masterseko finala izango dugu ikusgai Mutrikuko pilotalekutik. Jaialdia hirugarren eta laugarren posturako probekin hasiko da. Horretan, Gonzalez eta Jon Mandiola, Aaronen eta Urangaren aurka arituko dira. Jarraian jokatuko da finala, eta Antxon eta Goixerri, Arberen eta Danel Mandiolaren aurka jokatuko dute.
15:15ean, Herri Kirolak izango ditugu ikusgai ETB1en. Hain zuzen ere, uztailean Tolosan jokatu zen Euskal Pentatloiko binakako txapelketa ikusteko aukera egongo da.
Arratsaldean, 18:00etan, estropaden zuzeneko emanaldia izango dugu Santurtzitik, eta ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da. Santurtziko Ikurriña jokoan, Eusko Label ligako kontakizuna egingo dute Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak.
Bukatzeko, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en, "ETB Kantxa" saioan pilota jardunaldiaz gozatzeko aukera izango dugu. Soriatik lehian arituko dira, besteak beste, Victor-Urretabizkaia II vs Elordi-Untoria eta Bengoetxea VI-Martija vs Artola-Rezusta. Xabier Euzkitzek eta Abel Barriolak egingo dute kontakizuna.