Kirolak
Frantziako Tourrak eta "ETB Kantxa"k osatuko dute gaurko kirol eskaintza
EiTB
Arratsaldean, Frantziako Tourreko 7. etapa izango da ikusgai, eta iluntzean, "ETB Kantxa"ren baitan, bi pilota partida eskainiko dira, zuzenean, ETB1 eta eitb.eus-en bidez.
Gaur, Frantziako Tourreko 7. etapa eta bi pilota partida izango dira ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.
Frantziako Tourrak emango dio hasiera ostiral arratsaldeko kirol eskaintzari. Txirrindulariek zazpigarren etapari egin beharko diote aurre; Millau eta Lavur arteko 168 kilometroko ibilbideari. Ohi legez, Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxea arituko dira zuzeneko kontaketa egiten. Etapa guztia zuzenean jarraitzeko aukera izango da, ETB1 zein eitb.eus bitartez, 15:00etatik aurrera.
Eguna amaitzeko, "ETB Kantxa"ren tartea irekiko da 21:15ean. Bi pilota partida jokatuko dira, binakakoak biak. Lehenengoa Peña II.a-Ruiz eta Egiguren V.a-Ibai Zabala bikoteen artekoa izango da; bigarrenean, ostera, Bengoetxea VI.a eta Martija Etxeberria eta Albisuren aurka arituko dira. Bi partidak ETB1 eta eitb.eus bidez zuzenean jarraitzeko aukera izango da 21:15etik aurrera, eta Joseba Urkiola, Mikel Idoate eta Ane Muruamendiaraz izango dira kontaketa egiteko arduradunak.