Kirolak
Kirol eskaintza zabala, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Eguna saskibaloiarekin hasiko da Euskal Koparekin, eta arratsaldean Frantziako Tourra, "ETB Kantxa" eta Euskal Herria Kopa jokatuko dira.
Saskibaloia, Frantziako Tourra, pilota eta futbola izango dira ikusgai larunbatean ETB1en eta eitb.eus-en.
Eguna saskibaloi partida batekin hasiko da, izan ere, IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaia aurrez aurre arituko dira Euskal Kopa eskuratzeko lehian. Xabier de la Fuente izango da Durangotik kontaketa egiteko arduraduna, 12:00etatik aurrera, zuzenean.
Arratsaldeko tartea, ostera, Frantziako Tourrarekin hasiko da 15:00etan. Lasterketaren 8. etapa jokatuko da larunbatean, Cazères sur Garonne eta Loudenvielle artekoa. Guztira 140 kilometroko ibilbidea izango du, eta Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxea arduratuko dira haren zuzeneko kontaketa egiteaz.
Kirol eskaintzak 17:30ean jarraituko du "ETB Kantxa" tartearekin. Xabier Euzkitzek, Mikel Idoatek eta Ane Muruamendiarazek binakako bi pilota partidaren zuzeneko kontaketa egingo dute Lezamatik. Lehenengo norgehiagoka Dario eta Etxeberria bikoteak Bakaikoa eta Urretabizkaiaren aurka jokatuko duena izango da. Bigarren partidan, berriz, Olaizola II.ak eta Zabaletak Elezkano II.a eta Aretxabaleta izango dituzte aurkari.
Eguna amaitzeko, Euskal Herria Kopa eskainiko da. Naxari Altuna, Juanan Larrañaga eta Iñigo Barrena izango dira Real Sociedad eta Osasunaren arteko norgehiagokaren zuzeneko kontaketa egiteaz arduratuko direnak. 20:30ean egingo dute bat Donostiarekin.
Kirol ekitaldi guztiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da Euskal Telebistaren lehen katearen eta eitb.eus-en bidez.