Itxi

Kirolak

Kontxako Estropadetako lehen jardunaldia, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Leer en Castellano

Estropadez gain, herri kirolek, Frantziako Tourrak, "ETB Kantxa"k eta eskubaloiak ere beraien tokia izango dute.

Estropada bat. Argazkia: EFE.

Gaurko kirol eskaintzeko plater nagusia Donostia Banderaren lehen jardunaldia bada ere, herri kirolek, txirrindularitzak, pilotak eta eskubaloiak ere beraien lekua izango dute.

Eguna Kontxako Estropadekin hasiko da. Goizeko 09:45etik aurrera, zuzeneko konexioa ezarriko da Donostiatik eta emakumezkoen estropadak 10:00etan hasiko dira. Ordubete beranduago izango da gizonezkoen txanda, 11:00etan. Bertatik zuzenean jardungo dute Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak.

Eguerdiko 12:15ak aldera herri kirolen txanda izango da. Juanan Legorburu, Ibon Gaztañazpi eta Angel Arrospidek Azpeitian larunbatean ospatutako euskal pentatloiko finalerdia eskainiko dute.

Bazkalostean, Frantziako Tourrari ekingo zaio. Zuzeneko jarraipena 14:15ak aldera hasiko da ETB4n eta eitb.eus-en, eta "Gaur Egun" albistegia amaitzearekin batera lasterketa ETB1en izango da ikusgai. Bederatzigarren etapa hori Pau eta Laruns artekoa izango da, 154 kilometro guztira, eta Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxea izango dira jarraipenaren arduradunak.

Jarraian "ETB Kantxa"ren unea izango da. Binakako bi partida izango dira ikusgai Lekeitiotik zuzenean. Lehenengoa Elordi eta Garmendiak osatutako bikoteak Agirre eta Zabalaren aurka jokatuko duena izango da, eta horren ostean, Altuna III.ak eta Imazek Artola eta Rezustari egin beharko diete aurre. Bi partiden kontakizunak egitea Xabier Euzkitze, Abel Barriola eta Ane Muruamendiarazen esku egongo da.

Eguna eskubaloi partida batekin amaituko da. 21:00etatik aurrera, European League-aren barruan Bidasoa Irun taldeak PAUC-en aurka jokatuko duen norgehiagoka izango da ikusgai, eta Jon Ander Gorospe eta Asier Zubiriak egingo dute zuzeneko jarraipena.

Kirol emankizunak zuzenean eskainiko dira ETB1 eta eitb.eus-en bidez; ez galdu!

Informazio gehiago (1)