Estreinaldia
Lehiaketa bat eta bi atal berri, 'Teknopolis'en, denboraldi honetan
A.E.
EITB
Larunbatean gaueko bederatzietan eta igandean 15:15ean izango da ikusgai ETB-1en eta igandean 10:30ean ETB-2n.
'Teknopolis' Elhuyarrek ekoizten duen zientzia eta teknologia saioaren XIV. denboraldia datorren igandean jarriko da abian Euskal Telebistan. Aurkezpena ostegun honetan egin da Zamudioko Parke Teknologiaren CIC BioGUNEko egoitzan. Ekitaldian, Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendariak, Alfonso Egaña CIC BioGUNEko finantza-zuzendariak, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendariak eta Oihana Jauregi saioaren aurkezleak hartu dute parte.
Nobedadeak dakartza aurten ere 'Teknopolis' saioak. On Zientzia bideo-lehiaketa programan integratu dute. Iaz egin zen lehen aldiz Donostia International Physic Center (DIPC) eta Elhuyar Fundazioaren artean. Internet bidez egin zen eta bukaerako ekitaldi bat izan zuen. Aurten ere On Zientzia lehiaketak bere web orria izango du, baina 'Teknopolis' saioaren bidez egingo zaio jarraipena. Hilero pertsona ezagun batek berari gehien gustatu zaion bideoa aukeratuko du, zergatiak emango ditu eta bideo hori emititu egingo da programan. Finalerako sailkapena lortzeko aparteko epai-mahai bat egongo da. Bideo onenak 3.000 euro jasoko ditu.
Beste tarte berria ere izango da: Orain eta hemen. Astero berariaz landutako berri bat emango dute, egunerokotasunari lekua egiteko, modu arinean eta eraginkorrean. Horrez gain, Egia ala gezurra? izeneko tartea ere eskainiko dute: astero galdera edo baieztapenen bat emango dute eta ikusleek egia ala gezurra den esan beharko dute. 'Teknopolis' saioaren web orrian helbidean izango du presentzia. Erantzun zuzenen artean, kamiseta bat zozkatuko dute astero; 'Teknopolis'eko kamiseta hain zuzen ere.
Gainontzean, nola ez erreportajeek leku nabarmena izango dute saioan, indarra eta balio erantsia ematen diote. Sakon, interesgarri eta emozioz emateko helburua duten lanak ezagutzera emango dituzte. Aste honetan, alegia, Zarautzen udan agertutako kaxaloteaz arituko dira. Udako protagonistetako bat izan zen Zarautzeko hondartzan agertu zen kaxalotea. Hantxe hil zen, baina 'Teknopolis'ek gero jarraipena egin zion kaxaloteei buruz gauza gehiago jakin nahi zituztela-eta.
Ktek eta Gertutik tarteei ere eutsiko diete. Ktek-en kirolaren teknologia, kirolariek Nagore Rementeriaren galderei erantzunez kontatuko dute. Aste honetan parapentean hegan egitearen berezitasunak erakutsiko ditu Joxe Ramon Agirre Marron-ek. Nagore Rementeriak lagunduta, Sakana airetik ikusteko aukera erakutsiko du. Gertutik-en ikertzaileen bizimodua, lana egiteko modua, motibazioak gertutik ezagututa, beraiek erakutsita, izango dira.
Vlog-ak azken belaunaldiko gailu teknologikoen berri emango du Alaitz Ochoa de Eribek aurkeztuta. Piluletan, berriz, berri laburrak jorratuko dituzte eta estreinaldiko programan itsasontzi izotz-hausleak izango dituzte hizpide.
Saio monografikoek ere izango dute lekua lantzean behin, bost bat egingo dituzte denboraldi honetan: auto elektrikoari buruzkoa izango da lehena, udazkena bukatu baino lehen. Horrez gain, pertsona interesgarriei egindako elkarrizketak tartekatuko dituzte saioan.
'Teknopolis'eko lantaldeari dagokionez, zuzendaritzan Beñardo Kortabarriak jarraituko du eta aurkezle Oihana Jauregi izango da. Bestalde, honako hauek jardungo dute zuzenean: Alaitz Ochoa de Eribe, Iñaki Leturia, Inma Alvarez, Bego Zubia, Arkaitz Almortza eta Nagore Rementeria erredaktoreak, Pello Aranburu errealizatzailea eta Sagra Barandiaran hizkuntza zuzentzaile bezala.
Babesleen laguntzarik gabe ez litzateke posible izango 'Teknopolis' saioa eta hauek izango dira edizio honetakoak: CIC BioGUNE, CIC BioMaGUNE, CIC NanoGUNE, CIC EnergiGUNE, CIC TourGUNE, CIC MicroGUNE, CIC MarGUNE; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Ikerbasque; Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Mondragon Unibertsitatea, eta EVE.
'Teknopolis' saioa urriaren 2tik aurrera emango da astero ETBko hiru kateeetan:
ETB-1: Larunbatetan, 21:00etan eta igandetan, 15:15ean
ETB-2: Igandetan, 10:30ean
ETB-3: Asteazkenetan, 23:00etan
Eta Interneten: eitb.com, eitbnahieran eta 'Teknopolis' saioko webguneetan.