Itxi

Denboraldi berria

"Juego de Cartas" saioa itzuliko da gaur gauean lagunartekorako menurik onenarekin

EiTB

Leer en Castellano

Elgoibarko Ibaiondo Erretegian, Urrestillako Auntxa Erretegian, Azkoitiko Isidro Erretegian eta Orion dagoen Orioko Barra jatetxean izango da denboraldi berriaren lehen atala.

Javi Sierra sukaldaria, lagunartekorako menurik onenaren bila. Argazkia: EiTB.

Gaur itzuliko da "Juego de Cartas" saioa, sari paregabea lortzeko lau jatetxe lehian jartzen dituen saioa. Lehiaketa-realityaren denboraldi berria irailaren 7an estreinatuko da ETB2 eta eitb.eus-en, gaueko "Teleberri" albistegiaren ondoren.

Udan arrakasta paregabea izan duen "El Club del Tupper" saioaren ostean, Javi Sierrak ezagun egin zuen eta aurreko denboraldietan horrenbeste jarraitzaile lortu dituen saioa zuzentzeko lanak hartuko ditu bere gain.

Estreinaldiaren hezurdura lagun-taldeentzako menuak eskaintzen dituzten lau jatetxe gipuzkoarrek osatuko dute.

Lehen partaidea Elgoibarko Ibaiondo Erretegia izango da, eta jabea bera, Agustin Alonso, izango da jatetxearen ordezkari. Egunerokotasunean jatordu bikainak emateaz gain, bere atetik sartzen den oro familian bezala sentitzeaz arduratzen da Agustin.

Elgoibartik Urrestillara salto egingo dugu zuzenean, Azpeititik hiru kilometrora, eta Itziar Goenagak hartuko gaitu han, Auntxa Erretegiko jabekideak. Ez du ez lanik ezta energiarik ere aurreztuko bere lokalaren balioa erakusteko. Bere jatetxeak tradizioaren, gertukotasunaren eta lehen mailako produktuen aldeko apustua egin duela erakutsiko digu.

Azkoitian Aitor Aizpurua ezagutuko du Javi Sierrak, Isidro Erretegiko jabe eta parrilako sukaldaria. Antzina bezala, bertaratzen direnek mahaia partekatzen dute, eta horregatik Aitorren leloetako bat da bere jatetxera “bakarrik helduta ere lagunekin atera zaitezkeela”.

Lehiaketa Orion amaituko dugu, Unai Holgadoren Orioko Barra jatetxean. Inguruko gazteak maiz joaten diren jatetxea bada ere, jabearen arabera, 0 eta 110 urte arteko pertsona guztiek euren gustuko zerbait aurki dezakete bertan.

Laburbilduz, ez dago zalantzarik telebistako sukaldaritza saio onenaren estreinaldia goi mailakoa izango dela. Ez ahaztu hitzordua, eta egin erreserba gaur bertan.

"Juego de Cartas" saioaren El mejor menú de cuadrilla atala gaur estreinatuko da ETB2n eta eitb.eus-en, gaueko "Teleberri" albistegiaren ostean.

Informazio gehiago (2)