Itxi

22:30ean

"Itzulera" saio berriaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Leer en Castellano

Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalari ohia izango da lehen atalaren protagonista.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Itzulera" saio berria ikusgai izango da gaur, irailak 8, ETB1en eta eitb.eus-en, Agustin Ezenarrok aurkeztuta.

Markel Irizar txirrindulariaren gidaritzapean, Bilbo-Bilbo martxa zikloturista egiteko erronka jarri dute Markelek berak eta beste bost kirolari ohik. Bilbon hasi eta hiri berean amaitzen den arren, 125 kilometro egin beharko dituzte helmugara iritsi aurretik. Hori dela eta, landetxe batean egonalditxo bat egiteko hitzordua dute jarrita, bizikleta gainean entrenatzeaz gain, oso garrantzitsua baita tropeleko kideen arteko harremana. Horrela, bizikleta gaineko bilakaeraren lekuko izatearekin batera, kirolariak sakonago ezagutzeko aukera du ikusleak. Kirolari bakoitzaren ibilbide profesionala aztertuko da, paraleloan doan bizitza pertsonala albo batera utzi gabe.

Hauek dira saioan parte hartzera animatu diren goi-mailako kirolari ohiak: Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalaria, Arantxa Orbegozo txirrindularia, Imanol Agirretxe futbol jokalaria, Oskar Lasa pilotaria, Nagore Osoro patroia eta Markel Irizar txirrindularia.

Saio bakoitzak kirolari bat izango du protagonista. Hala, gosarian, protagonista eta haren ibilbidea ardatz hartuta, Agustinek bideratu duen solasaldi batek emango dio hasiera saioari. Ondoren, Markel Irizarrek hartuko du lekukoa, bizikletaren gainean trebatzen joateko saioa bideratzeko. Kirolarekin jarraituz, protagonistarekin zerikusia duen kirol bat egitera joango dira.

Nahikoa kirol egin dutela kontuan hartuta, landetxera itzuliko dira eta bertan bi solasaldi egongo dira: batetik, Agustin eta protagonistaren artekoa, afaria prestatu bitartean, eta, bestetik, kirolari guztiekin mahai-inguruan, afaldu bitartean.

Bestalde, azken saioa izango da egitura aldatzen duen bakarra; izan ere, hainbeste itxarondako martxa zikloturista egin beharko dute.

Xabier Mikel Errekondo, 1. ataleko protagonista

Asteartean izango den lehen atal honetan, Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalari ohiaren bizitza profesional zein pertsonalari errepaso bat emango diote. Usurbilgo talde hasiberritik Europako Kopa irabazi arteko bidea ardatz hartuta arituko dira solasean, politika mundua albo batera utzi gabe.

Horrez gain, Bilbo-Bilbo martxa zikloturista egin ahal izateko lehen pausoak ematen hasiko dira. Eta kirolarekin jarraituz, bereziki trebeak ez diren kirol batean talde profesional baten aurka arituko dira.

Ezustekoz eta emozioz beteta datorren "Itzulera" saio berriko lehen atala, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)