Oihana Jauregik aurkeztuta
Afasiari buruz, aste honetako 'Teknopolis' saioan
A.A.
EITB
Horrez gain, tekladun tabletei buruz mintzatuko dira eta Pako Etxeberria lege- eta auzitegi-medikua gertutik ezagutuko dute.
Oihana Jauregik aurkezten duen 'Teknopolis' saioak afasiari buruzko erreportajea izango du abiapuntu aste honetan. Hitz egiteko ahalmena galtzea da afasia. Istripu baten ondorioz gerta liteke, hizkuntza-gaitasuna zuzentzen duen garun-alea kaltetzean. Egoera hori bizi izan duen pertsona baten eskutik hizkuntza asaldura horren nondik norakoak ezagutuko dituzte.
Tabletak izango dituzte hizpide ondoren. Ukipen-pantailaren bidez, teklaturik gabe, erabiltzen diren ordenagailu eramangarriak dira. Batik bat, Interneten nabigatzeko eta edukiak kontsumitzeko pentsatuta daude. Baina testuak, kalkulu-orriak eta horrelakoak sortzen ordu asko pasatzen dituztenek teklatu bat faltan bota ohi dute eta aukera horretaz jardungo dira.
Gertutik izeneko atalean Pako Etxeberria lege- eta auzitegi-medikua ezagutuko dute. Bide horrek gure herriko eta nazioarteko historiako hainbat pasarte garrantzitsuren lekuko bihurtu du. Beasaindarra da eta Aranzadiko Zientzia Elkarteko presidentea ere bada.
Zientzia eta teknologia alorreko aktualitatearen errepaso labur baten ostean, azken gaiari helduko dio 'Teknopolis'ek: haurrak eta kutsadura. Inguruneko kutsadurak eta jaten ditugun elikagaiek haurren organismoetan duten eragina ikertzeko jarri zuten martxan orain urte batzuk estatuko zenbait txokotan Inma izeneko proiektua. Gurean, Gipuzkoan kokatu zuten ikerketagunea, Zumarragako ospitalean. Proiektua hasi zenetik, 600 emakume baino gehiagoren haurdunaldiaren jarraipena egin dute, bai eta ondoren jaiotako umeena ere. Haur horien garapen kognitiboa eta psikomotorra aztertu dituzte, haien jaioterriko ingurunearen baldintzak kontuan hartuta.
'Teknopolis'ek larunbatean du lehen emanaldia ETB-1en, 20:55ean. Igandean 11:25ean ETB-2n ikus daiteke eta 15:30ean ETB-1en. Azkenik, asteazkenean 22:30ean emango da ETB-3n.